Etxe Betea proiektuak “Una Habitación Propia” egoitza artistikoan parte hartzeko epea ireki du

uriola.eus 2024ko uzt. 12a, 12:22

Argazkia: Etxe Betea

Etxe Betea proiektuak bi emakume zinegile hautatuko ditu 2024eko urritik 2025eko ekainera arte beren film luzeak garatzeko.

Etxe Betea proiektuak “Una Habitación Propia” izeneko egoitza artistikoaren bosgarren edizioan parte hartzeko epea ireki du. Virginia Woolfen lanean oinarritutako proiektu honetan emakume zinegileei beren film luzeak garatzeko aukera ematen zaie, aurtengo urritik 2025eko ekainera arte egoitza emango zaie bi emakumeri. Aurreko deialdietan Naiara Carmona, Estibaliz Urresola, Ainhoa Rodriguez, Mikele Landa eta Maria Herrera izan ziren hautatuak.

Gariza Filmsek Basque Know How Fundazioa, BBK eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin sortutako proiektuak euskarazko zine proiektu bat eta beste edozein hizkuntzatan garatutako beste film batentzat eskainiko da. Hautatutako bi zinegileek gela bat izango dute norberarentzat, baita 5000 euroko laguntza ekonomikoa ere. Edozein adin, nazionalitate eta esperientziako emakumeei zuzenduta dago egoitza artistikoa, sortzen ari diren film luzea garapen-faseko lehenengo urratsetan egotea da baldintza bakarra. Egoitzan mentoretza jasoko dute zinegileek, zeina hiru ataletan banatuko den: gaien ikerkuntzan oinarritutako lehenengo zati bat, gidoiaren lehen edo bigarren bertsioa landuko den bigarren atala eta proiektuaren bidegarritasun ekonomikoa egiaztatu eta proiektu bakoitzerako ekoizleak edo laguntza ekonomikoak bilatzeko estrategiak ikertuko diren hirugarren atala.

Deialdi honetan parte hartzeko epea abuztuaren 23an amaituko da. Beharrazko dokumentuak galdetegi honetan aurkeztu behar dira.