Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleen artean feminismoaren aurkako ideiak antzemateko ikerketa egin du InteRed-ek

uriola.eus 2024ko uzt. 12a, 12:57

Argazkia: A30eko greba feministaren aldeko agerraldia Sabin Etxean (Ecuador Etxea)

EHUko ikasleek feminismoaren aurkako diskurtsoak aztertzeko ikerketa plazaratu du du InteRed elkarteak.

Euskal Herriko Unibertsitateak, InteRed elkartearen laguntzaz “Euskal Herriko unibertsitateko (EHU) Hezkuntzako ikasleek feminismoaren aurkako diskurtsoak nola erabiltzen dituzten aztertzea” ikerlana egin du, Hezkuntza espezialitateko ikasleen artean feminismoaren aurkako ideiak aztergai. Hezkuntzaren arloko zenbait eragilek plazaratu dute azken urteetan ikasleen artean feminismoaren aurkako diskurtso eta oztopoak ugaritu direlako; genero-desberdintasuna ukatu eta feminismoak gizartean duen garrantzia gutxiesten dutela adierazi dute zenbait eragilek, eta, arazoa zehazki ikertzeko beharra ikusi denez, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Hezkuntza Sozialeko, Pedagogiako, Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntzako Masterreko ikasleen artean egin dute ikerketa.

EHUko Nahia Idoiaga Mondragon, Idoia Legorburu Fernandez, Israel Alonso Saez eta Maitane Picaza Gorrotxategin egin dute ikerketa eta InteRed Fundazioak Bizkaiko Foru Aldundiaren finantzaketaz editatu. Unibertsitateko gazteen artean feminismoaren aurkako diskurtsoak aztertu, diskurtso hauekiko identifikazio-maila zehaztu, eta autoidentifikazio feministak diskurtso horien pertzepzioan duen eragina aztertzea izan du helburu ikerketak, baita adinaren, generoaren eta testuinguruaren araberako aldaketarik dagoen aztertzea ere. Batez beste 21 urteko 252 ikasle izan ditu aztergai ikerketak eta hurrengo bost ideia izan dira feminismoaren aurkako ideia errepikatuenak:

  • “Feminismoaren helburua ez da berdintasuna, emakumeak gizonak baino gehiago izatea baizik”. Hau izan da gehien errepikatu den ideia, %31,87ko pisuarekin. Hauek esaldi azpimarragarrienetako batzuk:
    • “Feminismoaren helburua ez da gizonen eta emakumeen berdintasuna, sexu femeninoaren nagusitasuna baizik.”
    • “Feminismoak gizonak suntsitzea dauka helburu. Ez matxismoan, ez feminismoan, nik neuk berdintasunean sinesten dut.”
    •  “Gaur egungo feminismoaren helburua ez da berdintasuna, emakumeen nagusitasuna baizik. Oro har, horretarako, gizonak txikiagotu edo gutxiesten dituzte, emakumeak berdintasunerantz bultzatzeko ahalegin lausoan.”
  • “Berbera kobratu nahi dutem merezi ez badute ere”. Hau gehien errepikatu den bigarren ideia, tarte oso txikiarekin, %31,42ko pisuarekin. Hemen esaldi adierazgarrienetako batzuk:
    • “Gaur egun, gezurra da emakumeek gizonek baino gutxiago kobratzen dutela lanpostu berberagatik.”
    • “Estatuko Segurtasun eta Babes Kidegoetan sartzeko oposizioetako probak errazagoak dira emakumeentzat, baina, arlo teknikoari begira, lan berbera egin behar dute. Izan ere, soldata bera kobratu nahi dute gero.”
    • “Kiroletan, emakumeek ez dute gizonek beste diru irabazi behar, diru gutxiago sorrarazten dutelako.”
    • “Emakumeek errazago daukate kupoengatik, baina emakume batzuek ez dute halakorik merezi, eta balio handiagoa duten gizonei kentzen diete lana.”
  • “Emakumeek eskubide eta onura gehiago dituzte lege-mailan”. %16,20ko pisua izan du ideia honek. Esaldi errepikatuenetako batzuk:
    • “Gizonek emakumeek beste indarkeria edo gehiago jasaten dute.”
    • “Emakumeek gezurra esaten dute, eta genero-indarkeriagatiko salaketa faltsuak aurkezten dituzte, legearen babesa dutelako.”
    • ““Baietz baietz da” lege berriaren ondorioz, gizon askok uste dute gaur egun ia-ia ezin dela emakumeekin hitz egin, edozein txikikeriagatik salatu egin ahal dituztelako eta ondorioak oso larriak izan daitezkeelako.”
    • “Emakumeek gizonek baino erraztasun handiagoak dituzte bereizkeria positiborako lege-neurrien ondorioz.”
  • “Emakumeek etxeko lanak egin behar dituzte”. Gehien aipatu den laugarren ideia %11,47ko pisuarekin. Esaldi esanguratsuena:
    • “Emakumeek etxeko lanak egin eta umeak zaindu behar dituzte.”
  •  “Emakumeak probokatzaileak dira”, gehian aipatu den bosgarren eta azken ideia %9,04ko pisuarekin. Esaldi errepikatuenetako batzuk:
    • “Geure janzkeraren arabera, probokatu egiten ditugu, edo zenbait gauza barkaezin gertatzea eskatzen ari gara.”
    • “Probokatu egiten baduzu edo leku arriskutsuetatik bazabiltza, ez da harritzekoa gero zuri horrelako gauzak gertatzea.”
    • “Arropa gutxi eramatea probokazioa denez, erasotzailea ez da erruduna.”