Nortasun-agiriak gaztelera hutsean izan daitezke Errege Dekretu baten ondorioz

uriola.eus 2024ko uzt. 15a, 10:37

Argazkia: Administrazioa Euskaraz Taldea

Espainiako Gobernuak aurkeztu duen Errege Dekretu berria bere horretan onartu ezkero,  NANa gaztelera hutsean izango da.

Espainiako Gobernuak NANa arautuko duen Errege Dekretu berria aurkeztu du, zeinaren testua bere horretan onartzen bada, Espainiako nortasun-agiri guztiak gaztelera hutsean egingo diren, AETk (Administrazioan Euskaraz Taldeak) salatu duenez. Egun, 1553/2005 Errege Dekretuaren 11.3 artikuluak bermatzen du NANak tokian tokiko hizkuntzan ere idatzita egotea: “Los textos fijos se expresarán en castellano y los expedidos en territorio de aquellas Comunidades Autónomas que tengan otra lengua oficial, serán también expresados en esta.”

 Artikulu honek bermatu du orain arte Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroa kanpo utzita, NANetako testua euskara eta gazteleraz agertzea, Errege Dekretu berrian esaldi hau biltzen ez denez, ordea, euskarak nortasun-agirian duen lekua gal dezake. AETk egoera hau “atzerapausua” dela azaldu du, eta “azkenaldian euskararen, katalanaren era galegoaren hiztunontzat aukera berriak zabaldu zaizkugunean” neurria koherentea ez dela iruditzen zaiela gehitu dute.

Errege Dekretu berria oraindik jendaurreko epean delarik, AETk 1553/2005 Dekretuko 11.3 artikulua Dekretu berrian ere bildu dadin eskatu du, baita “berezko hizkuntza ez denean autonomia-erkidego osoan”, Nafarroaren kasuan, esateko. Espainiako Gobernuari ekarpenak aintzat hartzeko eskatu diote, “eskubideak bermatzeko eta handitzeko, horiek murriztu ordez”.