2023ko neguan aurkeztu zuen Izaro Andres artista mallabiarrak Cerodenero, bere laugarren lana, eta diskoaren aurkezpen biran darama ordutik. Izarok bere sareetan partekatu duen postean azaldu duenez, birak badu amaiera data ere: 2025eko maiatzaren 31; BECen izango da Cerodenero biraren azken zita, beste zenbait musikari ezagunen laguntzarekin emango duena. Olatz Salvador eta Baiuca izan dia aurkeztu dituen lehenengo bi kolaborazioak.
“Bistak ederrak izaten ari dira gailurretik” zioen Izarok sareetan, iraganean Cerodenero mendigoizaletasunarekin alderatu izan du artistak, honek ekarri zuen lana eta eraldaketa prozesuaren handitasunaren erakusgarri. Argi dago mallabiarrarentzat bira berezia izan dela “nire bizitzako bira kuttuna, ez dakit sekula horrelakorik egin ahalko dudan berriro”, biraren azken kontzertua, beraz, azken urte honetako ibilbidea koroatzeko aukera izango da. Birari agur esatearekin batera, Izarok itzulera data finko gabeko atsedenaldia hartuko duela azaldu du, azken bira honi buruzko hausnarketa egin eta behar bezala prozesatzeko.
Cerodenero biraren azken kontzerturako sarrerak etzi, hilaren 17an, jarriko dira salgai.