Bilboko Herritarren Segurtasunaren aldeko Ituna sinatu da gaur

uriola.eus 2024ko uzt. 15a, 14:10

Argazkia: Bilboko Herritarren Segurtasunaren aldeko Itunaren aurkezpena gaur goizean (Bilbao.eus)

EAJ-PNV, PSE-EE, EH Bildu eta Elkarrekin Bilbao alderdiek bat egin dute aurkeztutako Itun berriarekin.

Bilboko alkate Juan Mari Aburto eta udalbatza osatzen duten alderdietako partaideek 2024-2027 Bilboko Segurtasun Ituna sinatu dute gaur goizean. Itun berriak bete beharreko 33 neurri bildu ditu, azken hilabeteetan udalbatzarreko alderdiekin eta beste hainbat eragilerekin lanketa negoziazio zabalak egin ostean. Abenduaren 5ean burutu zen 2018-2023 arteko Itunaren azken bilera, zeinetan adostutako neurrien %100a bete zen.

Zazpi ildok definitzen dituzte 2024-2027 bitarteko Itunak aurkeztutako neurriak: herritarren segurtasuna eta bizikidetza, pertsona bakoitzak beldurrik eta mehatxurik gabe bizi daitezen; Itunaren printzipio inspiratzaileak kontuan hartu behar dira, pertsonen arteko berdintasun eta duintasuna, elkartasuna eta gizarte-kohesioa, delituen prebentzioa hobetzea, bizi kalitatea eta ingurumen-garapenarekiko konpromisoa, besteak beste; kolektibo kalteberak babestea; auzoetako ikuspegia, definitutako neurriak hiriko bazter guztietara iris daitezen; delituak prebenitzea eta arrisku-egoerak kudeatzea, aurretiazko neurri eraginkorrak hartuta istripuak eta gorabeherak ekiditeko; herritarren parte-hartze aktiboa giro seguru eta harmoniatsu baten eraikuntzan, eta polizia komunitarioaren eredua ezartzea.

EH Bilduko Maria Del Riok esan duenez, Segurtasun Itun berrirako proposamena "aurreko itunaren emaitzak sakonago aztertzeko beharretik abiatzen zen, baita itun berriaren neurriak zehazteko beharretik. Horrez gain, EH Bilduk proposatutako hainbat neurri berri sartzeko beharra ere ikusten genuen, bizikidetzan eta bitartekaritzan, delituaren prebentzioan, prestakuntzan eta barne-antolaketan oinarrituta". Partaidetzarako Segurtasun Itunaren aldeko neurrien artean auzoetako segurtasun- eta bizikidetza tailerrak eta giza eskubideen eta diskriminazio ezaren arloko prestakuntza indartzea; EBren 2024-2025eko Arrazakeriaren kontrako Ekintza Plana egokitzea; irudiak hartzeko eta erabiltzeko protokolo bermatzaileen sorrera; kriminalistika edo biktimentzako arretarako unitateak hobetzea; polizia komunitarioaren eta auzoko elkarte-sarearen arteko harremanak indartzea; delituen prebentzio neurriak garatzea ingurumen diseinuaren bidez eta Bizikidetzaren Behatokiarekiko koordinazioa indartzea, besteak beste. EH Bilduko bozeramaileak azaldu duenez, Itun berri hau "ez da negoziazioaren azken puntua, baizik eta segurtasun politika publikoen jarraipena egiteko eta erabakiak hartzeko esparru parte- hartzailearen abiapuntua.

Abenduan burututako Ituna eredu, udalbatzak azaldu duenez, "2018-2023 aldirako Segurtasunaren aldeko Ituna tresna baliagarria izan da krisi-garaian komunitatearen segurtasuna eta ongizatea bermatzeko".  Hala, haren funtsezko ildoek "oinarri sendoa ezartzen dute oraingo eta etorkizuneko udal-ekintzarako" arlo honetan.