Ostegunean iritsi zen EuskarAbentura espedizioa Bizkaiara Lekeitiotik, Gipuzkoako kostaldea zeharkatu ondoren. Azken egunotan Gernika, Bermeo, Bilbo eta Getxo izango dituzte espedizioaren mugarri, bihar Bilbotik irten eta Getxorainoko azken etaparekin aurtengo edizioari amaiera eman bidean.
Bide luzea egin dute aurten EuskarAbenturan parte hartu duten 16 eta 17 urte arteko 126 gazteek, hala ere, nekeak neke, espedizioaren azken etapak gainean, amaitu nahi eta nahi ez duda tenkatuz doa, espedizioa gazte askorentzat den euskarazko arnasgune eta konfiantza burbuila aurtengo EuskarAbenturarekin batera amaitzear baita. Azken asteetan Donostia, Zarautz, Lekeitio, Aulesti, Gernika eta beste zenbait herri eta hiri zeharkatu ditu espedizioak, eta hainbat lehen aldi ere izan dira tartean: Donostiako Piratekin abordatzea egin dute lehenengoz, Zilibito Records taldekoekin elkarrizketatu dira; Kike Amonarrizen, Skabidean taldearen eta Porrotxen bisita ere izan dute gazteek, eta Gure Zirkuko magia ezagutu ahal izan dute Lekeition.
Gaur goizean irten da EuskarAbentura espedizioa Bermeotik, Bakiotik pasa eta Bilbora bidean. Bihar uritik hasi eta Getxorainoko azken etapak emango dio itxiera aurtengo edizioari, ez ordea Muxikebarrin amaiera ospatu aurretik.