Aurtengo Aste Nagusirako atzerakontuaren hondarrak bi aste baino gutxiago zenbatzen dituzte jada; 12 egun barru ekingo diote jaiek Bilbon eta Konpartsek herritarrek gozatu ahalko duten programazioa aurkeztu dute gaur, jada motorrak berotzen hasteko.
Gaur aurkeztu du Bilboko Konpartsen Federazioak, Arriaga Plazan egindako agerraldian, aurtengo Aste Nagusian ospatuko dituzten 600 ekintza baino gehiagok osatutako egitaraua, federazioak eta konpartsa guztiek antolatuko dituztenak batuta.
Aurten itsasadarrari garrantzia berezia emango dio Aste Nagusiko programak, kirolarekin lotura dutenak bereziki: saskibaloia 3x3, xakea, waterpoloa, skatea, piraguak… Aurten ere inguruko kulturgile eta kirol eragileekin harremanetan sakundu dute programazioari “ekarpen irudimentsuak eta askotarikoak” gehitzeko.
Federazioak Aste Nagusirako antolatuta dauden ekintza guztiak bilduko dituen liburuxkaren 15.000 ale inprimatu ditu, 12 egun barru hasiko diren festetako egitaraua goitik behera ezagutu ahal izateko. Etxeko gaztetxoenentzako ere askotariko ekintzak egongo dira Aste Nagusi guztian zehar, zeintzuk aparteko beste liburuxka batean Bildu dituzten; antzerkiak, jolasak, gastrotxikia, tailerrak, zezen-suzkoa, igel-tok eta puzgarria, besteak beste. Ekintza guztiak eta gainerako informazio garrantzitsua app.bilbokokonpartsak.eus web APPean egongo da eskuragarri.
Musika nonahi
Betiko lez, musikak garrantzi handia du Aste Nagusiko egitarauean. Aurten, dantza eta fanfarreez gain, askotariko euskal taldeak egongo dira entzungai: Thaka, Ama Say, Bulego, La Furia, Amooma, Etxekalte, Dupla, The Cherry Boppers, Garilak 26, Leihotikan, Afrika, Mice, Txapelpunk eta Euskatalites, besteak beste.