Bueltan da Txirenebus gida turistiko antzeztua

uriola.eus 2024ko abu. 6a, 12:10

Argazkia: Txirenebus

Abuztuaren 18tik 25era 21 emanaldi egingo dituzte Gurutze Beitia, Iñaki Maruri eta Mitxel Santamarinak.

Dagoeneko Aste Nagusiko traduzio bihurtu da Gurutze Beitia, Iñaki Maruri eta Mitxel Santamarinaren eskutik egiten den Txirenebus gida turistiko antzeztua. Hiru aktoreek Bilbao View City autobusa baliatzen dute ikusleak Bilboko kaleen gida teatralizatu berezian eramateko; ibilbide turistikoa ikuskizun dibertigarri eta interesgarriak datu historikoak, hiriko pasadizoak eta zurrumurruak uztartzen ditu, zuzeneko musikaz lagunduta.

Maite Zalduegi Viar koreografo dantzari eta antzerkigileak zuzendutako ibilbidea hilaren 18, 19, 20, 21, 23, 24 eta 25ean egingo da eta 50 minutu inguruko luzeera izango du. Egunero 3 pase egingo dira, 11:00, 12:00 eta 13:00etan. Ibilbidea San Mamesen hasiko da (Luis Briñas,11) eta Guggenheim museoan amaituko da; antolatzaileen hitzetan, “xirimiria besterik ez bada, ikuskizuna bere horretan egingo dugu; zaparrada mehatxua bada, bertan behera uztea pentsatuko dugu, eguzkia egingo balu, ordea, eguzkitako krema eta txapela eramatea gomendatzen dugu”.

Ibilbiderako sarrerak ostegunetik aurrera egongo dira eskuragarri antzokiibiltaria.com web atarian.