Konpartsen izenean eman diote gaur hasiera Aritz Zabala eta Josu Fernandezek aurtengo Aste Nagusirako txosnen eraikuntzari. Aurten ere Areatzan egongo diren 27 txosnak eraikitzeko 110.000 mekanotubo kilotik gora, 1.500 panel inguru eta 1.000 litro margo inguru erabiliko dituzte 400 bat konpartsakidek, Bilbotar eta bestelako parrandazaleek Aste Nagusiaz gozatu ahal dezaten.
10 egunotan eraikiak izango dira “behin-behineko herrixka utopiko hau osatuko duten etxeak”, non bisitariek jateko, edateko, ikasteko eta gozatzeko eskaintza zabala aurkituko duten; atzo Konpartsek aurkeztu zituzten 600 ekintza baino gehiagoko egitaraua ikusi besterik ez dago horretarako, app.bilbokokonpartsak.eus web atarian eskuragarri. Gozatu eta ikasteko tokia izateaz gain, txosnagunea edozein eratako indarkeria matxista, arrazista, homofobo, xenofobo, lodifobo edo euskarafoboren aurkako toki segurua dela azaldu dute gaurko aurkezpenean; “bertan, ez dugu erasorik onartuko, eta irudi hori transmititu nahi dute txosnek ere”. Horretaz gain, Konpartsa bakoitzak bere txosna apaintzeko lanean haien kezka eta aldarrikapenak plazaratzen ditu, haietako onenak Aste Nagusian Eulia eta Kanpaia saria lortzeko aukera izanda, herritarren bozken bitartez.
Aste Nagusiaren balio immateriala aldarrikatu nahi izan dute Konpartsek, jaiek sortzen duten irribarre eta ilusioa eurotan neurtu ezin dela azalduta, “ezin dira eurotan neurtu eta ihes egiten dure burokratek mundua ulertzen duten kalkulu orrien zeldetatik”. Hori dela eta, txosna autogestionatuak jai herrikoiak eta partehartzaileak izaten jarraitzeko beharrezko diren azpiegitura direla aldarrikatu dute konpartsek.
Aurpegi berriak
Aurtengo berrikuntza handia Txinparta Feminista konpartsak Arriaga plazan jarriko duen txosna izango da. Konpartsek azaldu dutenez, luze darama Txinparta Feministak “buru-belarri lanean”, eta txosna muntatzeko gaitasuna eta gainerako konpartsekin elkarlanean aritzeko gaitasuna eta borondatea erakutsi dituela azaldu dute Konpartsek. Azaldu dute txosnagunea muntatzeak esfortzu, lan eta borondate handia eskatzen dituela, baina, haien hitzetan “esperientzia neketsua bezain polita da”.