Bilboko Konpartsen egitarau zabalean musika, kulturak, jolasak, kirolak eta festak tokia duen bezala, jatekoak ere badu bere txokoa urterik urte. Gaur goizean aurkeztu dute hala Bilboko Konpartsek aurtengo Lehiaketa Gastronomikoa Erribera Merkatuan.
Urtero berritzen den lehiaketa da hau, produktu fresko eta nobedadeak dakartzana urterik urte; aurten, betiko lez, astelehenetik larunbatera, hilaren 19tik 24ra bitartean ospatuko da Aste Nagusiko Lehiaketa Gastronomiko herrikoia, Areatzan bertan. Aurtengo menua gustu guztiak asetzeko modukoa izango da: astelehenean pisto guztiz begetala egingo da, janari jasangarri eta osasungarriaren aldeko aldarri gisa; asteartean entzute handia duen patata tortila txapelketa; asteazkenean txipiroiak tintan; sukalkua ostegunean; bakailaoa pil-pil eran ostiralean, eta, amaitzeko, larunbatean, marmitako txapelketa.
Lehenengo asteko egitarau gastronomiko zabalari jarraipena eta amaiera emateko, jaien azken igandean, hilak 25ean, pasta lehiaketa herrikoia izango da, zeina gastronomia leihaketatik at egongo den. Hala ere, hainbat sari banatuko dira irabazleen artean, txapelak, garaikurrak eta sari ekonomikoak. Aurtengo berriztapenen artean dago pasta txapelketa, izan ere aurreko urteetan egin izan den zezen buztan txapelketa ordezkatu du, “hainbat arrazoirengatik, baina, batez ere, jaien izaera herrikoia babesteko, sukaldarien aniztasuna bermatuz eta txapelketa denon eskura jarriz”.
Txapelketak alde batera utzita, hilak 18an, igandea, goizean zehar barazki parrillada solidarioa egingo da Areatzen, baita hegaluze parrillada ere hilak 24an. Horrez gain baserritarren Gure Lurreko Merkatua, ardo dastaketa eta hainbat tailer egingo dira gastronomia, jana eta edana protagonista izango dituztenak, kontserba eta koktel tailerra, besteak beste, eta gaztetxoenek ere izango dute nola goxatu, hilak 19. 21, 23 eta 25ean egingo den gastrotxikian.