Aste Nagusian ere, Israel Borrokatu!

uriola.eus 2024ko abu. 13a, 17:53

Argazkia: Bilboko Konpartsak

Palestinarekin Elkartasuna plataformak jaietan Palestinari elkartasuna helarazteko deialdia egin du gaur.

Palestinarekin Elkartasuna plataformak ostiral honetarako manifestaziora deitu du, “Aste Nagusian ere, Israel borrokatu!” lelopean, herri palestinarraren aurkako genozidioari buruz hitz egiteari ez uzteko. Uda eta harekin batera Euskal Herriko herri eta hirietako jaiak hasi zirenetik, Palestinarekin Elkartasuna plataformak herri palestinarraren eskaerarekin bat egin du, herrietan aldarrikapenekin jarraitzeko Jai Batzordeekin batera Palestinaren presentzia bermatzeko proposamenak lantzen; horren eredu Iruñeako, Gasteizko eta Donostiako jaietan herri palestinarraren genozidioa salatu eta haren konplizeak seinalatzeko egin dituzten mobilizazioak.

Bilboko Aste Nagusian ere Palestinaren aldeko aldarria egite aldera, Palestinarekin Elkartasuna plataforma Bilboko Konpartsekin lankidetzan arituko da, bandera, pegatina, kartelak eta herri palestinarraren borrokari buruzko Palestinareko eta Euskal Herriko artisten abestiak jai-gunean presente egon daitezen; “badakigu ekintza horiek ez direla nahikoa basakeria sionistari amaiera emateko”, azaldu du plataformak, hala ere estatu sionistaren ekintzak salatzeko kaleetan mobilizatzea beharrezkoa dela azadu dute. Hala, manifestaziora dei egin dute ostiral honetan, hilak 16, 19:00etan Plaza Eliptikotik abiatuta, “Aste Nagusian ere, Israel borrokatu!” lelopean.

Manifestazioaz gain, Palestinarekiko elkartasun mugimendua nazioartean pairatzen ari den kriminalizazioa eta errepresioa salatzeko, epaiketa eta isunei aurre egin eta Palestinaren aldeko lanarekin jarraitzeko kamisetak, banderak eta postalak salgai egongo dira Zamudioko Atarian (Zazpikaleak), eta elkartasun itsulapikoak egongo dira hainbat txosnatan.