Udalbatzak Aste Nagusiaren lehen balantzea egin du gaur

uriola.eus 2024ko abu. 26a, 14:37

Aste Nagusi “arrakastatsu” bat izan dela azpimarratu dute zinegotziek.

Marijaia sutan desagertu eta batzuek datorren urteko Aste Nagusirako atzera kontuari ekin bezain pronto, Bilboko udalbatzak aurtengo jaien balantzea egin du gaur Udaletxean. Oso positiboki kalifikatu dute aurtengo Aste Nagusia; 1.6 milioi pertsonak parte hartu dute Udalak zein Bilboko Konpartsek antolatutako ekintzetan, 1100 inguru guztira. Juan Mari Aburto  alkateak adierazi duenez, “Bilbok berri ere lortu du marka eman eta beste behin aisialdi eta kulturaren erakusgarri diren jaiak ospatzea, zeinak jada Europa hegoaldeko erreferentziazko ekitaldi bilakatu diren”.

Herritik eta herriarentzat

Maria del Rio, EH Bildu Bilboko udal taldeko bozeramaileak, eta Garazi Perea zinegotziak jaien “arrakasta” goraipatu dute, “herritik eta herriarentzat sortutako jaia baita, Bilboko konpartsek eta bilbotarrek egiten duten lan eta ahalegin komunitarioari esker”. Aste Nagusiari hasiera eman zion Itziar Ituñoren pregoia eta Nagore Ugarteren txupina ere goraipatu dituzte EH Bilduko kideek, baita Aste Nagusiak festarako zein aldarrikapenerako espazioa sortu izana ere, “Pentsiodunen Mugimenduak, Mugimendu Feministak eta Sarek deitutako mobilizazioak, besteak beste, herritarren babes zabala jaso baitute eta Palestinarekiko elkartasuna ere oso presente izan dugu jaietan”. Jaien argiekin batera zenbait ilun ere jarri dituzte mahai gainean, esateko, aurtengo egitarauean zezenketak berreskuratzea, nahiz eta “Vista Alegren izandako publiko eskasa” hiritarrek eman dioten harreraren erakusgarri izan.

Jaien argi-ilunak

Argi ilunak izan dira baita ere Aste Nagusiko segurtasunaren balorazioak. Alde batetik, alkateak jaietako “bizikidetza giroa” goraipatu du, baita aurten delitu larriak eta, orokorrean, salatu diren delituak %14,5 ean murriztu izana 2023ko jaiekin alderatuta; 1371 salaketa egin ziren iaz, eta 1171 aurten (bi zifretan jaien azken igandeko datuak ez dira kontuan hartzen). Delituen %72,6a (850) lapurretei dagokio, mugikorrak eta diruzorroak gehienbat; intimidazioaz eginako lapurretak nabarmen egin dute behera aurten, 2023an 173 kasu salatu ziren eta 94 aurten.

Urtez urte Udalak, Mugimendu Feministak eta Konpartsek protokoloak ezarri eta hiritarrak kontzientziatzeko hainbat neurri indarrean jartzen badituzte ere, aurten sexu-askatasunaren 12 delitu eta ukitu zein genero-indarkeriagatiko 23 delitu erregistratu dira jaietan. Gertakari hauen aurrean Konpartsen jarrera nabarmendu du EH Bilduk, “eredugarria” dela esanda, erasoen aurkako protokoloa birritan aktibatu baitute, kasu bakoitza momentuan kudeatu eta herritarrak mobilizatzeko elkarretaratzeak deituta. Maria del Riok manteroen aurkako jardun polizialak ere gaitzetsi ditu, “guztiz neurriz kanpokoak eta jai eredu herrikoia kolokan jartzen dutenak”, jardun horiek hurbileko polizia ereduaren guztiz kontrakoak direla ere adierazi du bozeramaileak, eta EH Bilduk Juan Mari Aburtorekin batzar bat deituko duela aurreratu du.

Kaleetan utzitako zaborraz

Igandeko datuen faltan, 600 langile baino gehiagok 544 tona hondakin jaso dituzte jai-esparruetatik, iaz baino %7,63 gutxiago; gaikako bilketa tasa guztizkoaren %35,66koa izan da, iaz baino %3,38 gehiago, eta bereziki azpimarragarria edukiontzi horiko ontzien bilketaren gorakada, %57,8 igo da zifra azken edizioarekin alderatuta. Bi ontzi arduratu dira San Anton zubiaren eta Itsas Museoaren arteko ur-lamina eta itsasadarraren inguruak garbitzeaz; itsasadarreko 2,93 tona hondakin flotagarri bildu dituzte, 2023an baino %7,8 gehiago.