Santutxu eta Deustuko bost ezponda egonkortzeko lanak egingo ditu Udalak

uriola.eus 2024ko ira. 2a, 13:23

Argazkia: Bilbao.eus

Urtarrilean gertatutako bi lur-jausiei konponbidea emateko ekingo dituzte lanak.

Bilboko Udalak Santutxu eta Deustuko bost ezponda egonkortzeko lanei ekingo die datozen hilabeteetan. Hamabost egun eta lau hilabete arteko iraupena izango du lan hauetako bakoitzak eta milioi erdi baino gehiagoko aurrekontua bideratuko du Udalak.

Lan garrantzitsuenak Deustuko San Pedro auzoan egingo dira, hurrenez-hurren dauden bi tokitan: Arangoitiko funikularraren alboan eta auzora igotzeko eskaileren inguruan, 1,705 metro karratuko azaleran guztira. Urtarrukean ibilgailu bat kaltetu zuen lur-jausiak bultzatu du ezponda honen egonkortze lana; kable bidez sendo finkatutako sare bat ezarriko da bi ezpondetan eta lau hilabeteko iraupena izango dute lanek.

Lurrak egonkortzeko egingo diren lehenengo lanak Santutxu auzoan egingo dira, Larragaburu eta Miraflores etorbidearen arteko maldan. Oraindik lur-jausirik gertatu ez bada ere, udal ikuskariek inguru hau egonkortzeko aholkua egin dute, segurtasun arrazoiak direla eta. Kasu honetan, babes dinamiko bat jarriko da luizi bat gertatzekotan harri eta bestelako objektu arriskutsuak geldiarazteko. Lan hauek egiteko ingurua eskokatu eta bertan dauden zuhaitzak moztuko dituztela azaldu du Udalak.

Santutxu auzoko Jose Maria Lidon kalean ere iraganean lur-jausiak gertatu diren ezponda egonkortuko dute, 75 metroko luzeera izango duen babes dinamiko batekin, baita ere; eta berdin auzoko Georgia kalean, non 2020ko abenduan eta 2022ko martxoan lur jausiak gertatu ziren, euri-uren pilaketaren ondorioz.

Azkenengo lana Larreagaburu parkearen ondoko errepidearen bihurgune baten inguruko ezpondan egingo da. Bertako zuhaitzek errepidean sortu dituzten arrakalak eteteko ingurua soildu eta babes-sare bat ezarriko dute.