Udaleko EH Bilduko zinegotzi Patxi Xabier Fernandez Monjek metroaren 4. linearen proiektuaren atzerapenak “onartezinak” direla azaldu du gaur. Zinegotziak azaldu duenez, “Bilboko Hegoaldeko bizilagunek bi hamarkada baino gehiago daramatzate metroa noiz iritsiko zain”; hala, Udal Gobernuari metroaren 4. linea lehenbailen errealitate izan dadin lan egin dezatela eskatu diote. Metroaren 4. linea “Bilbo metropolitarraren elementu egituratzaile gisa beharrezkoa” den garraio zerbitzutzat jo du linea berri hau, Bilboko hegoaldean bizi diren 70.000 pertsona baino gehiagok ospitalera joateko autobus bakarra dutela adibide bezala jarrita.
2023ko martxoaren 9an FULCRUM, PLANIFICACIÓN, ANÁLISIS Y PROYECTO S.A.U. enpresari esleitu zitzaion 4. lineako eta hegoaldeko zonako eraikuntza proiektua idazteko zerbitzua egiteko kontratua, Fernandezek azaldu duenez; lana 15 hilabeteko epearekin burutuko zela aurreikusi zuten, 2024ko ekainaren 19an amaituko zela ezarrita. Ekainean Amancay Amets Villaba, EH Bilduko legebiltzarkideak txostenaren kopia eskatu eta Euskal Trenbide Sareko Kontratazio Batzorde Delegatuak, uztailaren 11n emandako ebazpenaren bidez, kontratuaren epea 2025eko uztailaren 19ra luzatzea onartu zela jakin zuen. Proiektua idazteko lanak urte eta hilabete beranduago egingo dira hala.
Proiektua bertan behera erortzeko arriskuaren aurrean, EH Bilduk “L4ren eraikuntzaren buru izan dadila eskudunen aurrean” eskatu dio Juan Mari Aburto alkateari. 2021eko otsailean Euskal Trenbide Sarearekin lortutako akordioa jarri du mahai gainean EH Bilduk, metroaren 4. linea eraikitzeko proiektuaren lizitazioari lehenbailen ekitea aburu; 2022an beste ekimen bat aurkeztu zuen linea berri hau “lehenbailehen errealitate bihurtzeko eskaeraren buru izan zedin”, baina, 2024ko irailean jada, denbora gehiago pasatzen utzi ezin dutela eta proiektua idatzi eta egungo legegintzaldia amaitu baino lehen gauzatzeko lizitazioa burutu behar dela aldarrikatu dute.
Horrez gain, Fernandezek EH Bildurentzat “bizilagunekin eta eragile sozialekin… ibilbidea, geltokien kokapena eta metroaren gainerako lineekin lotzea” adosteko oinarri zabalak ezartzea beharrezkoa dela azaldu du, “4. linea arrakastatsua izan dadin eta, aldi berean, lehenbailen egin dadin”.