Lorea Argarate Zubia teknologo, dibulgatzaile eta musikari bilbotarrak jasoko du aurtengo Gladys Saria, hilak 26an EHUko Informatika Fakultatean egingo den ekitaldian.
Argaratek fisika gradua egin zuen, bere musikarekiko interesak bultzatuta, akustika ikasteko asmoarekin; fisika alde batera utzita, ordea, telekomunikazio ingenieritzari ekin zion Deustuko Unibertsitatean eta Big data & BI eta irakasleen prestakuntza masterra egin zituen, baita Blockchain programa osatu ere. Gaur egun TAZEBAEZ koopoeratibako ekintzailea da eta hezkuntza arloko berrikuntza eta digitalizazio prozesuetan ari da lanean Berlinen eta Bilbon.
Zientzia eta teknologiaren dibulgazioa izan du bere muinean Argaratek oso gaztea zenetik, bertako eta kanpoko agenteekin lankidetzan, STEAM ikuspegiari garrantzia handia emanez. Inspira STEAM proiektuaren hasiera bizi izan zuen, eta ordutik neska gazteengan izan dezakeen eraginari garrantzia handia eman dio bere jardunean.
Dibulgazioaz gain, White Miror / Tech fo Good teknologiak ongizaterako programaren sorreran parte hartu zuen eta bertako zenbait erakunderekin kolaboratu du, PUNTUEUS, Elhuyar edota GAZTEArekin, besteak beste.
Ingurune digitalari buruzko foro askotan parte hartu du Argaratek, eduki gehienak euskeraz landuz eta gazteei zuzenduta, haien formatu eta hizkuntzan eta haren proiektuak genero-ikuspegiarekin lotuta, estereotipoak apurtuz belaunaldi berriak inspiratzen.
Zientzia eta teknologian buru-belarri ibili den arren, musika ez du atzean utzi. Klarinete jotzaile gisa aritu izan da, baina musika elektronikoan izan duen ibilbideagatik da ezagunagoa gaur egun; Las Tea Party DJs eta Mazmorra taldeko kidea izan zen, eta gaur egun “Mauriziak ez du inor hil” proiektuan eta bakarlari gisa dabil, hamaika izenpean.