Mintzapraktika egitasmoan izena emateko epea ireki du Euskaltzaleen Topaguneak

uriola.eus 2024ko ira. 17a, 16:58

“Eta euskaraz egiten badugu?” lelopean ekin dio eintzapraktikan izena emateko kanpainak.

Euskaltzaleen topaguneak abian jarri du beste urtebetez mintzapraktika egitasmoan izena emateko kanpaina. Hiru hamarkaden langa gaindituta, urtez urte euskara maila hobetu nahi duten 8000 lagun inguru zaletasun ezberdinen bueltan biltzen dira taldetan, euskaraz ondo moldatzen den pertsona batekin batera, euskaraz modu askean mintzatu eta jostatzeko.

Egunerokotasunean euskara erabiltzeari beldurra galdu nahi dionarentzat ekimen interesgarria da mintzapraktika, egunez egun eraldatzen eta egokitzen diharduena gizartearen eta euskaldun bakoitzaren beharrei erantzuteko; pandemian elkar ikusi ezinak digitalizatu eta saioak online egiteko beharra esateko, hala, mugak gaindituz, mundu osoko euskaldunak esparru digitalean elkartuta.

Mintzatuz praktikatu euskara, ados. Badugu norekin hitz egin; Baina zeri buruz, non egin? Mintzapraktikaren ezaugarri erakargarrienetako bat da, euskaraz mintzatzeko norberaren gogoa besterik behar ez denez, edozein ekintza edo interesekin lagun daitekeela: yoga, mendi irteerak, bizikleta, mahai jolasak; antzerkia ikusteko, ortuan aritzeko edo abesteko taldeak… Ez da mugarik euskara erabil daitekeen esparruetan. Parte-hartzaileek jada egunerokoan egiten eta gozatzen dituzten ekintza eta interesak berak bihurtzen dira euskara lantzeko esparru, hala euskararen erabilera landu, eta interes berak dituzten pertsonak ezagutzen, harreman berri hauek euskaraz eraikiz.

Badugu Mintzapraktikarako taldea. Noiz elkartu ordea? Taldea adina modu egon daitezke mintzapraktika egiteko; bada hilean behin gelditzen den jendea, astean behin edo birritan gelditzen direnak; goiz oso bateko mendibuelta izan daiteke mintzapraktika, edo ordu pare bateko kakorratz saioa berriketan; bakoitzak nahiago duen erara, euskaraz mintzatu eta gozatzeko aitzakiarekin betiere, noski.

Azken urteotan euskararen erabilera apaltzen dijoa Euskal Herriko herri eta hirietan, euskararen ezagutzak gora egin duen arren. Nola irauli balantza? Egunerokotasunean euskaraz mintzatzeko erabakigarria da hizkuntza erabiltzeko beldurra galtzea, eta, mintzapraktikak, hiztegia bereganatzen eta segurtasuna irabazten laguntzen die urtero pertsona askori, ezagutza eta erabileraren arteko jauzia egiten lagunduta. Aukera bikaina izan daiteke euskaraz egin nahi bai, baina ausertzen ez direnek ausardia bildu eta euskararen itsasoan buruz murgil daitezen.

Mintzapraktikan izena eman nahi dutenek, beren herriko euskera elkarte edo euskaltegietara jo dezakete, dauden taldeak ezagutu edota talde berriak proposatzeko, hiztun aina aukera dago! www.mintzalaguna.eus web atarian ere badago izena emeteko aukera.