Gaurtik larunbatera itsasaldi super-biziak izango dira Bizkaiko kostaldean. Azken 20 urteetan izango diren muturrekoenak izango direla aurreikusten da, arrazoi astronomikoak eta eguraldiari dagozkionak gora-behera.
Ekinozioen inguruan gertatzen dira urtero marea biziak, martxoaren 21aren eta irailaren 21aren inguruan. Urtero gertatzen badira ere, beste eragile batzuek, ilargiaren gertutasunak edo ekuatoreekin lerrokatuta dagoen ere aldagai erabakigarriak izan daitezke marea biziak super-bizi bilakatu daitezen. AZTI ikertegiaren arabera, Bilbon itsasgora maximo posiblea 5 metro ingurukoa izango dela aurreikusten da.
Aurreikuspenari dagokionez, hauek izango dira datozen egunetako itsasgoren puntu gorenak: gaur arratsaldeko 16:48etan (4,8m); bihar, asteazkena 18, 05:14etan eta 17:30etan (5m); osteguna 19, 05:53 eta 18:12etan (5,04m); ostirala 20, 06:33etan eta 18:55etan (5m), eta larunbata 21, 07:14etan eta19:39etan (4,7m).
Bilboko Udaletik itsasadarraren inguruan arretaz ibiltzeko eskatu die herritarrei eta lur-zakuak jarriko dira Elorrietako bihurgunean, Deustuibarran, Zorrotzaurren eta Olabeagan.