Arnasa Gara ekimenak ARNASETIK bideosormen lehiaketa antolatu du aurten hirugarrenez. 10 eta 16 urte bitarteko euskararen arnasguneetako gazteen sormena eta haien hizkuntza oihituren eta herrien inguruko gogoeta piztea du helburu ekimenak.
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako egitasmoa da Arnasa Gara, euskararen arnasguneek duten garrantzia plazaratu, euskararen biziberritzeari eta euskararen herriari egiten dion ekarpena nabarmentzeko funtsarekin. Euskararen arnasguneetako ikastetxeetako ikasleek har dezakete parte, banaka edo lagunartean, leihaketan. Haien egitekoa bi minutuko ikus-entzunezko lanen bidez euskarari lotutako istorioak kontatzea izango da, eskatutako erronkari erantzunez. Iazko edizioan guztira 112 lan eta 1600 bozkatik gora jaso zituen ekimenak.
ARNASETIK leihaketaren hirugarren edizio hau, aurrekoak bezala, adinaren araberako hiru kategoriatan banatuko da (LH 5-6; DBH 1-2; eta DBH 3-4),eta erronka desberdinei erantzuna eman beharko dizkiote kategoria bakoitzeko parte-hartzaileek. LH 5. eta 6. mailakoek beren herriko txoko maite baten bideoa egin beharko dute, zergatik maite duten eta bertan zer bizipen izan dituzten azaltzen. DBH 1. eta 2. mailakoek haien herrietako egun berezienerako prestakintzak erakutsi beharko dituzte, jaia nola sortu zen, zergatik, eta egun horretan zer sentitzen duten. DBH 3. eta 4. mailakoek, azkenik, kazetari papera hartu, eta kaleko jendeari herriko beste zein pertsonaren azalean jarriko liratekeen galdetu beharko diote, segidan, pertsona horren erantzuna jasota aipatutako horri galdera egin; horrela bost pertsonako segida osatu arte.
Kategoria bakoitzeko irabazleak 500 euroko sari bat izango du, baita publikoaren sariak ere. Nahi den moduan gastatu ahalko dute honakoetan: IrisarriLan-en, Durangoko Azokan, EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean, Gure Zirkuan, etab. Urriaren 31raino izango dute parte-hartzaileek beraien lanak bidaltzeko eta publikoak azaroaren 5etik 15era emango du botoa www.arnasagara.eus web atarian.