Iritzia

Bilbon bizikletaz, autogestioa eta irudimena?

Xabier Badiola 2024ko ira. 19a, 14:31

Argazkia: Gehry eta Elorrieta arteko bidegorri autogestionatuaren inaugurazioa (Biziz Bizi)

Biziz Bizik Gehry zubia eta Elorrieta arteko “bidegorria” inauguratu zuen atzo.

Donostiako Zinemaldirako alfonbra gorriak prestatzen ari diren honetan, Bilbon ere ez dira falta izan alfonbra, edo, hobeto esateko, bidegorriak. Nola liteke ordea, uria mugikortasunaren astean aurkitzen den honetan, bizikleta erabiltzaileek behin eta berriz errepikatutako bidegorri eskasiaren kexa artean, bidegorririk faltan ez izatea? Mugikortasun asteak ekarri duen aldaketa miragarria ote?

Atzo, ordubetez bazen ere, Gehry zubiaren eta Elorrieta artean 10 metroko bidegorria inauguratu zen, zinta mozketa eta guzti, bizikleta erabiltzaileen txalo artean. Biziz Biziko plataforma izan zen zeremoniaren erantzulea, zeinetan, umorez oraingoan, urian bizikleta erabiltzaileen ikusgabetasuna salatu zuten beste behin: erabiltzaileek bizikletetzako irtenbide bereizia eta segurua eskatzen dute ibilbide honetan, eta nor aproposago, eurak baino, bidegorri berria sortzeko?

Mugikortasunaren aste honek titular kontrajarriak eman dizkie bereziki Bilbon bizikletaz ibiltzeko nahi horretan setatuta daudenei: Olabeaga eta Zorrotza arteko bidegorria, urteetan lur-jausi baten eraginez ezin erabili ostean, atondu berri dute aste honetarako; nola ez dira poztuko ba bizikleta zaleak? Txanponaren beste aurpegia oso agerian gelditu da, esateko, Ana Viñals Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak BilbaoBiziren prezioen igoerari egin dion kritikan. Viñalsek salatu duenez, hasieran doakoa zen zerbitzuak 20 euroko tarifa izan du, zehazki Mugikortasun Iraunkorraren Astea iritsi den arte; hemendik aurrera 25 euro ordaindu beharko dituzte ohiko erabiltzaileek, 10 noizbehinkakoek, bizikleta hartzen den bakoitzean ordaindu behar dutenaz gain.

Mugikortasun sailak garraiobide publiko, jasangarri eta osasuntsutzat duen bizikletaren erabilerari buruzko neurriak eztabaidatu ziren azken Osoko Bilkuran, baina Mugikortasun eta Jasangarritasun saileko kiderik ez zen ageri udalbatzarrean. Ez ziren edolako neurriak, Udalaren aurreikuspenen arabera BilboBiziren abonatuen kopurua %20 murriztuko du prezio aldaketak.

Bizikletaren aldeko hitz asko entzun eta ekintza gutxi ikusteaz gogaituta, Biziz Bizik balizko bidegorri ibilbidea inauguratu zuen zeremonia ofizial batenak izan litezkeen aurresku, zinta mozte, txalo zaparrada eta gorazarre artean; bitartean bizikleta hiritarrentzat garraiobide erabilgarri eta eskuragarria izatea oztopatzen duten neurriak hartzen dituzte gaian zer esana dutenek. Udal ekimenak eta neurri eraginkorrak iritsi arte “autogestioari eta irudimenari” heldu behar ote?