Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiaren XXVI. Edizioa ospatuko dute hamar egunez

uriola.eus 2024ko urr. 9a, 17:08

Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiaren XXVI. Edizioko kartela

Bilboko hainbat espazio dantza/performance, dramaturgia berriak edo antzerkia bezalako diziplinekin beteko dira urriaren 17tik 27ra. Jaialdiak hainbat estreinaldi eskainiko ditu.

Hamar eguneko programazioa prestatu dute Bilboko kaleak arte eszeniko abangoardistekin betetzeko. 19 konpainiaren 22 emanaldi egongo dira, horietatik bederatzi Euskal Herrikoak, zortzi Estatukoak eta bi nazioartekoak (Frantzia eta Portugal)

Estatuko arte eszeniko garaikideen esparruan jaialdi garrantzitsuenetako bat bilakatu da. Horrek proposamen eszeniko berritzaile eta desberdinen erakusleiho nagusia bihurtzea eragin du, bai Euskal Herrian, bai Euskal Herritik kanpo.

Aurtengo programazioak, ohiko den bezala, ez du inor asebete gabe utziko. Hainbat ekitaldi eszeniko ugari egingo dituzte eta, besteak beste, La Fundición, Harrobia, Bilborock, Arte Sakratuaren Museoan eta Campos Antzokiko Kupula Aretoan egongo dira ikusgai haietaz gozatu ahal izateko.

Jaialdian zehar, bestalde, EDADEIren (Dantza, Arte Dramatiko, Hezkuntza eta Ikerketa) V. Topaketa jardunaldi profesionalak ere antolatuko dira urriaren 19an Dantzertik (Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantzako Goi Mailako Eskolan), elkarrizketa eta esperientzien trukea errazteko helburuarekin.

"Dioscures" dantza emanaldiak emango dio hasiera jaialdiari urriaren 17an, 19:00etan Harrobian. Frantziako [Lodudo] Producción konpainiak mitologiako irudi bikien inguruan maskulinitatearen kodeak zalantzan jartzen ditu. Programazioari amaiera emateko hiru antzezlan egingo dituzte urriaren 27an: Laida Aldazen "In Perspective" ikuskizuna, Serruchoren "Interior Noche" estreinaldia Euskadin eta Jon Ander Urrestiren "Eukalyptus". (Programa osoa euren webgunean: badbilbao.eus )

Ikuskizun bakoitzeko sarrerak urriaren 16ra arte egongo dira eskuragarri 8 euroko prezioan. Egun horretatik aurrera, prezioa 10 eurokoa izango da. Aldez aurretik erosi ahal izango dira jaialdiaren webgunean, edo La Fundición eta Campos Eliseos antzokien webguneetan eta leihatiletan. Horretaz gain, ekitaldiko egun berean sarrerak salgai egongo dira leihatiletan ikuskizuna hasi baino ordu erdi lehenagotik. EDADEI 5 eta Doos Colectivo taldearen proiektu berria work in progress formatuan aurkezten dutenei ez zaie ezer ere ez kobratuko.