Jaialdiaren izena ez da kasualitatea: “Paradoxa iruditzen zait. Zinema ikusten den zerbait da, baina zinemaldi hau, berez, ikusezina da. Ezkutatzen dena ikustarazten da, identifikatu nahi ez dena izendatu, eta isilarazi dena entzun. Nire ustez oso jarduera baliotsua da”, aitortu du Roberto Vegak (El Salvador), Equipo Maíz, hezkuntza-erakundearen ordezkariak.
Inaugurazio gala urriaren 10ean izango da, 19:30ean, eta horretan Unai Celaya biolinista eta hainbat antzezle egongo dira. Bukaerako ekitaldia urriaren 17an izango da, 19:30ean, eta Senegaleko dantza garaikideko dantzariak eta The Cherry Boppers musika-talde bilbotarra arituko dira. Biak Azkuna Zentroko auditoriumean egingo dira.
“Jaialdia ere 19 ikastetxek osatzen dute, Kubako, Senegaleko eta beste hainbat herrialdeetako gonbidatuekin”, adierazi du Ainhoa Perez “KDC”ko Gizarte Eraldatzerako Hezkuntza teknikariak. Gonbidatuen artean dago Clara Morales (Mexiko), Ojo de Agua Comunicación Indigena erakundearen koordinatzailea eta ordezkaria eta esan du ikastetxeetan aritzea oso aberasgarria dela berarentzat: “Egiten dugun guztiaren aletxo bat uzteko aukera ematen digu”. Roberto Vegak gehitu du KDCk egiten duen estrategia oso baliotsua dela: “espazio hauetan erein ahal dugu hazia, ikasle gazte hauek beste errealitate batzuk ikus ditzaten.
Gogoetarako eta gizarte-aldaketarako gunea
Aurten ere, gai ezberdinak landuko dira, denak aldarrikapen soziala ardatz dutenak: gatazka armatuak, LGTBIQ+, inguru giroa, giza eskubideen defentsa, genero-berdintasuna, kulturartekotasuna, euskara, arte-sorkuntza…
Teresa Laespadak, Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko saileko foru diputatuak, adierazi du jaialdian aurkezten diren filmen begiradak zirkuitu komertzialetatik urruntzen direla, eta beste gauza batzuk ikusten direla, beste begirada batzuk, bizitza ulertzeko beste modu bat. “Nire ustez, horrek gizartearen pentsamendu kritikoa eraikitzen du, eta ezinbestekoa da zinema beste era batean ikustea. KCD da, beharbada, hau aldarrikatzen bakarrenetakoa”, aitortu du Laespadak.
Horri gehituta, Monika Hernando Bilboko Udaleko Giza Eskubide, Bizikidetza, Lankidetza eta Immigrazio Saileko zuzendariak ezinbestekotzat jotzen du hausnartzeko eta elkarrizketarako guneak bilatzea. “Lan gehiago egin behar da hezkuntzan bakea, sentsibilizazioan, tolerantzia, bizikidetza eta enpatia sustatzeko”, aldarrikatu du Hernandok eta hori egiten duela jaialdiak: ”Gogoeta egiten, salatzen eta giza eskubideak urratzen dituzten pobrezia, diskriminazioa eta bidegabekeria eragiten duten egoera guztiei aurre egiten laguntzen digu”.