Jon Gerediaga deustuarrak eta David de las Heras bilbotarrak Euskadi Sariak irabazi dituzte

uriola.eus 2024ko urr. 14a, 14:58

EITB: Jon Gerediaga, Harkaitz Cano y David de las Heras

Harkaitz Canok idazleak haur eta literaturako Euskadi Saria eskuratu du, David de las Herasek literatur lan baten ilustraziaorena, Campos de Castilla lanagatik, eta Jon Gerediagak euskarazko literaturako Euskadi Saria “Zeru-lurren liburua”rekin.

“Zeru-lurren liburua” Naturaren behaketaren inguruko hausnarketa poetikoa da, gizakiak bere oinaze propioari aurre egiten diona. Prest! aldizkariak, Jon Gerediaga eta Kepa Dieguezen erreportaje bat egin zuen “Zeru-lurren liburua”ren eta bere lanaren inguruan. Hona hemen erreportajea. Izenburua: Lo zorroan atseden hartzen duten hitzak

Kukuizerdia” entzutean zer datorkizue burura? Kortezubin ia lurra bustitzen ez duen eta zirimiria baino meheagoa den euriari esaten zaio. Zergatik kuku(izerdia), kukuak ez badu izerdirik botatzen? Eta non erruten ditu arrautzak kukuak? Beste txori batzuen kabietan. Ez du lanik egiten. Alfer hutsa da. Beraz, ia ez deusa den euriari esaten zaio “kukuizerdia”.

“Kukuizerdia”, “lankarra”… , halako hitzetatik ibilbide eder bat egin du Kepa Diegezek bere azkeneko liburu edo hobe esanda, saiakera nobelatu honetan. Kepa Diegez, hizkuntzalaria eta euskal ikerketan doktorea ere bada eta esan bezala, eguraldiari lotutako ikerlan, artikulu, liburu eta hitzaldi ugari eskaini ostean, Eguraldiaren Euskara. Aro bidea Euskal Herrian berrena liburua dakar besopean. Kepak dionez, Eguraldiaren euskara bere 6.000 berbako datutegitik jaio den bidaia baten emaitza da. Abiapuntu dokumentala doktorautza tesi bat eta 6.000 berbako datutegia izanik, saiakerari kontakizun edo istorio zantzua emateko,  liburuan azaltzen diren 1.100 hitz eta 96 herrietatik barrena bidaian doan pertsonaia fiktizio baina izaera mitologikodun bat sortu zuen. Getxotik hasi eta Eskiularaino haizeak daraman pertsonaia. Gutxi dira, inor ez esatearren, hizkuntza batean eguraldiari lotutako hiztegi guztia aztertu dutenak. Kepak berak, tesia amaitu zuenean pentsatu zuen erabilitako corpusa hiztegi bezala erabiliko zuela baina azkenean, publiko zabalera heltzeko edo irakurle gehiago erakartzeko asmoz, kontakizuna eta istorio dituen saiakera nobelatua idaztea erabaki zuen.   Eguraldiaren Euskara Hiru eratara irakur daitekeela dio idazleak: Hasi eta buka istorio bat duelako, intereseko herria bilatu eta horri dagokiona irakurriz edo  aurkibidean hitza topatu eta bertara joz.

Jon Gerediaga berriz, kukuizerdiari buruz idazteko Kortezubira joan beharko litzateke eta bertatik bertara idatzi bere poema. Argi du poesia idazteko apur bat ornitologoa, apur bat botanikoa eta beste hamaika “apur” behar direla eta tartean, filosofia irakaslea da, antzerkia idazten du maiz eta duela 20 urte baino gehiagotik etxe edo izateko modu gisa ulertzen du poesia.

Zeru-lurren libururekin 2023ko Irun Hiriko Literatura Saria jaso zuen poesia euskaraz atalean eta poesia liburu ugari baditu ere, bere azkenekoetan bezala, honetan ere, natura, gizakia eta haien arteko harremana dira ardatz nagusiak. Motxilan dakarren Gaston Bachelard filosofoaren “La tierra y los ensueños de la voluntad” liburuak poesiako imagina poetikoak edo poesian agertzen diren irudiak nondik sortzen diren azaltzen du; batzuk lurra osagai nagusi duen irudimen batetik, beste batzuk uretik, airetik, sutik… Elementu bakoitzetik ateratzen den irudi poetikoa aztertzen du beraz eta  Zeru-lurren liburuan, Jonek ere, Gaston Bachelarden antzera, naturaren behaketatik abiatzen den hausnarketa poetikoa egiten du. Harira, izateko modu bezala ulertzen du poesia eta berau idazteko, natura behar du.  Batzuk meditazioa egiten duten bezala, Jonek poemak idazten ditu. Normalean naturari begira eta naturaz inguratuta. Horrela,  uler dezakegun natura dela Jonen poemen osagai nagusia baina aldi berean oso argi du idazleak, paisaia bati buruz hitz egitean, paisaia hitzen bidez deskribatzean, beti ari dela gizakiari buruz ere zerbait esaten. Hitzak gizatiarrak direlako. Beraz poesia naturari begira egiten du baina gaia beti da bizitza. Bizitza eta haren osagaiak; heriotza, maitasuna eta bizia bera. Burura etorri zaion Miguel Hernándezen poemak dioen bezala: “con tres heridas yo; la de la vida, la de la muerte, la del amor”.

Bai Jon eta bai Kepa eguraldi zaleak dira. Kepak eguraldi kaskarra maite du eta Jonek, eitbn eguraldia entzutea. Andoni Aizpuruk eguraldi saioetan edo Jakoba Errekondok “Landaberri” saioan erabiltzen dituzten hitzak entzutea alegia.

Euria jausten ikustearen antzera, Kepak dutxan, ohean, zerari begira, besteari begira… burura etortzen zaizkionak apuntatu egiten ditu eta hitzen eta hiztegiaren sinesle leiala da. Honen ustez, hitzen bidez islatzen da nolako kultura dugun eta lexikoan eta bereziki naturari dagokion lexikoan dugun altxorraz jabetu behar gara: “Erreka ertzean zaudela, lanbro hotz bat agertzen bada baina ezbaldin badakizu horrek ze izen daukan ez duzu lanbroa ikusten, ez duzu  identifikatzen. Izen bat behar duzu eta izen horrek emango dio nortasuna. Izenak emango dio izana”.

Kepa Diegezek borondatezko jubilazioa eskatu du txikitatik zaletasun duen hori, lan bihurtzeko. Tesia osatzerakoan bazterrean utzi zuen materialarekin zertxobait egiteko asmoa du aurrerantzean.  Eguraldiaren Euskara-n aipatu besterik egiten ez dituen gai batzuk sakonean jorratzea da asmoa; mitologia eta lexikoa, eguraldiari antz emateko metodoak, elurra dela eta erabiltzen diren terminoak, urteroen inguruko zerbait besteak beste. azken finean. Berbak ez direlako galtzen, lo zorroan geratzen dira eta baten batek iratzartzen ditu. Kasu honetan nik.

Poesiatik saiakeraren mundura igaro da poeta. Betiere, poesia baztertu gabe. izan ere, poesiaren beste aurpegiari buruzko saiakera idazten ari da Jon Gerediaga azken aldian. Lanaren lehen zatian, poesiaren maila teorikoan gehien estimatzen duen hitz poetikoari buruzko saiakera bat idazten ari da. Hala nola ze maisu-maestra gustatzen zaizkion, zergatik, nola bilatzen den hitz-poetikoa, ze ezaugarri dituen hitz poetiko horrek,  ze oztopo aurkitu dituen bidean, nolakoa den prozesua… . Bigarrenean ordea; saiakeraren bigarren zatian, hitz poetikoaz haratago mintzo da; arrazoimenari eta arrazoi politikoari buruz alegia. Pentsatzeko eta sentitzeko modu poetiko bati buruz, poesiak eta mitoek, bizitzarako balio duen jakintza edo ezagutza mota bat ematen digutelako. Beraz laburbilduz, lehenengo zatia hitz poetikoaren inguruko saiakera bat izango da eta bigarrena arrazoi poetikoari buruzkoa.

Bai Jon eta bai Kepa klub berekoak dira. Ikuspegi desberdinez, eremu berean aurkitzen dira eta antzeko gaiak tratatzen dituzte euren lanetan. Badago Eguraldiaren Euskararen zerbait Zeru-lurren liburuan eta alderantziz.

Bai Jonek eta bai Kepak, lo zorroan atseden hartzen duten hitz horiek itzartu dituzte.

 

PREST! aldizkaria