Sortzaileen eskuetan dago giltza

uriola.eus 2024ko urr. 19a, 21:28

Bizkaiko Emakume Sortzaileen III. Topaketetako bukaerako argazkia

Gaur, hilak 19, ospatu dituzte Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketak. Artista sortzaileen hitzetan murgildurik ibili dira bi mahai-inguruetan eta arratsaldeko omenaldian.

10:00etan eman zaio hasiera hirugarren edizio honi Leire Palacios kazetariak dinamizatutako lehen mahai-inguruarekin: “Txanponaren bi aldeak: kultura eta kudeaketa”. Kultur arloan kudeaketa lanetan diharduten emakumeak bildu dira, Maria Goiricelaya, Marta Urcelay, Matxalen de Pedro eta Ana Gutierrez, eta horri buruz aritu dira hizketan.

Bigarren mahai-inguruan, "Txanpon baten truke" lelopean, Toti Martinez de Lezea idazlea, Aranzazu Calleja musikari eta konpositorea, Eva Guerrero koreografo eta interpretea eta Onintza Enbeita bertsolari eta kazetaria egon dira. Gustura aritu dira hizketan eta hainbat gai plazaratu dituzte: inpostorearen sindromea, espazio publikora ateratzean nola begiratzen zaituzten eta kontziliazioa, besteak beste.

“Itzelak izateko exijitze digute, edo bestela ez gara ezer”, aitortu du Callejak, eta gizartean dagoen estruktura bat dela baieztatu du. Onintza Enbeitak bat egin adierazpen horrekin eta gehitu du “etenganbe kuestionatzen” dituztela. “Onartu behar dugu sormena, artea eta kultura lanak direla, eta gu langileak garela”, adierazi du Enbeitak.

Eva Guerrerok ere exijentziaren inguruan hitz egin du: “Mundu artistikoan beste lan-arlo batzuetan eskatzen ez den bikaintasuna eskatzen zaigu, eta are gehiago emakumeak bagara.

Toti Martinez de Lezeak, bere aldetik, esan du, “egungo eleberriak, haurrentzako literaturak, saiakerak idatzi izan ditut eta eleberri historikoen sekulako dama deitzen naute”. Aldarrikatu du ez zaiola gustatzen horrela deitzea: “gizonak ez dituzte horrela deitzen, baina ni, aldiz, bai.

Lau emakume sortzaile hauen adierazpenak gustura entzun eta gero, bazkaltzeko unea heldu da, arratsaldeko ekitaldia noiz iritsiko zain, izan ere, Kristina Mardaras bertsolaria omendu dute aurtengo edizio honetan. Horretarako ikuskizun hunkarria prestatu dute.

Meñakoz Dantza taldeak eman dio hasiera omenaldiari. Kristina Mardarasen bideoak ere tartekatu dituzte ikuskizunean zehar. Ondoren, Irina Alvarez eta Itxaso Gomez oholtzara igo dira kanta bat abestu eta jotzeko pianoz eta biolinaz lagunduta. Iratxe Urkiaga eta Madmuaselen txanda heldu da Mardaresen hasierak antzeztuz.

Jarraian, Onintza Enbeita, Haizea Telleria, Enare Muniategi eta Iruri Altzerreka bertsotan ibili dira Itxaso Payak gaiak jarriz, eta jakina denez, Mardaras ere gehitu zaie pozaren pozez. Azkenik berak ere bere bertsoak bota ditu, hunkituta, eskerrak emateko omenaldiagatik eta jasotako berotasun guztiagatik: “segi lanean eta ez galdu eskuetan dugun giltza”.