Azaroaren 8an, inaugurazio-galak emango dio hasiera Jaialdiari. Arriaga Antzokian izango da, arratsaldeko 19:30ean. Azaroaren 15era arte luzatuko da, eta egun horretan egingo dira amaiera ekitaldia eta sari-banaketa. Bi galak La Dramática Errantek (Ane Pikaza eta María Goiricelaya) zuzenduko ditu.
Jaialdiaren proiekzioak Bilboko espazio ezberdinetan burutuko dira: Arriaga Antzokian, Guggenheim Museoan, BBK Aretoan, Bilbao As Fabrik eta Golem Alhondiga zinemetan eta Azkuna Zentroko Auditorioan.
ZINEBIren hogeigarren ediziotik egiten den bezala, aurtengo Ohorezko Mikeldi Sariak Laura Poitras zinegile estatubatuarrarentzat eta José Luis argazki-zuzendariarentzat izango dira. Sari hauekin, ZINEBIk zinema garaikideko bi pertsona hauen ibilbide profesional eta artistikoa aitortzen ditu.
Proiektatuko diren filmetatik, 60 film Sail Ofizialekoak dira, non Film Laburren Nazioarteko Lehiaketa eta ZIFF ZINEBI FIRST FILM Nazioarteko Lehiaketa sartzen diren. Aipatutako lehenengo lehiaketak 101 herrialdetako 51 film aurkeztu ditu, eta horietatik 50 Estatuan estreinatzen dira. Bigarren lehiaketak bederatzi film luze estreinatuko ditu, eta horietako bat (Itoiz udako sesioak) mundu mailako estreinaldia izango da. Atal honek “ikusleen gogoeta eta emozioa bultzatzeko” filmen multzo heterogeneoa proposatzen du.
Sail Ofizialez aparte, beste zenbait proiekzio egingo dira, besteak beste, Beautiful Docs sailean eta Bertoko Begiradak sailean. Beautiful Docs sailak Donostiako Zinemaldian urrezko Maskorra irabazi duen dokumentala proiektatuko du, hain zuzen ere, Albert Serrak zuzendutako Tardes de Soledad filma.