Emoziotik, gabeziatik eta zaurietatik kontatutako errelatoa

uriola.eus 2024ko urr. 21a, 16:58

Heldu da eguna: Ihintzaren aita espetxetik atera dute. Une horrekin hasten da Eztizen Artolaren (Bilbo, 1999) lehen eleberria, Gurpilak (Txalaparta). Eleberriak atzera eta aurrera egiten du denboran, motxiladun haur baten bizipenen bidez sakabanaketak eta inguruko emakumeen zamak islatuz. Ihintza izeneko pertsonaiaren bidez, 6 urtetik 13 urtera arteko esperientziak kontatzen dira, eta, pertsonaia nagusiaren bizipenak ez ezik, beste motxiladun batzuen esperientziak ere txertatu ditu Artolak pertsonaiaren ahotsa eraikitzeko.

Gurpilak nobela fikzionatua da, motxiladun ume baten errealitatea orden kronologikoan islatzen duena. Espetxea zer den, bidaiak nola bizi dituen eta horrek eragiten dituen emozioak eta hausnarketak kontatzen ditu, pertsonaia haurtzaroan hasi eta nerabezaroan hazten doan heinean. Haur motxiladunen errealitateari literaturan espazio bat emanez, Artolak orain arte gutxi landutako esperientzia bati hitzak jarri dizkio bere lehen obra honetan.

Motxiladun umeei buruzko liburu bat idaztea erabaki duzu. Zergatik?

Motxiladun umeei buruzko liburu bat idaztea erabaki dut, Euskal Gatazkaren errelatoa osatzen ari garen garai honetan, begirada askoren falta somatzen dudalako. Orain arte kontakizun eta bizipen gehienak gizon presoen ingurukoak izan dira, eta iruditu zitzaidan beste ertz batzuetatik ere errelatoa osatzeko eta ekarpen bat egiteko une egokia zela. Nire bizipen propioetatik abiatuta, nik ere aita espetxeratua izan nuelako, liburu baten bidez motxiladun umeei leku bat egin nahi nien. Hala ere, nire erabakia izan zen ez oinarritzea nire esperientzia pertsonaletan bakarrik, motxiladun haur ugari dagoelako eta pertsona bakar baten bizipenek hutsune asko utziko lituzketelako errelatoan.

Liburua idazteko prozesuan, ariketa kolektibo bat egiten saiatu naiz, eta aurkezpen eta solasaldiekin ere ikuspegi hori lantzen ari naiz. Momentu egokia dela iruditu zitzaidan, beste batzuek ere antzeko lanak egin dituztelako; adibidez, Lander Garrok Gerra Txikia idatzi zuen 2014an, errefuxiatuen seme-alabei buruz. Bestalde, Miren Azkaratek deportatuen eta erbesteratuen seme-alaben bizipenak jaso zituen testigantza liburu batean. Gaur egun, 90eko hamarkadako ezker abertzaleko emakumeen militantzia politikoari buruzko tesi bat ere egin du. Horren guztiaren testuingurua aprobetxatuz, nik ere nire ekarpena egiteko aukera ikusi nuen.

Izenburuak badu zergatirik?

Izenburua hautatzea ez neukan guztiz argi hasieran. Pentsatzen nuen "Puerto de Santa Marian egina" jartzea, baina oso luzea eta indarrik gabekoa iruditzen zitzaidan. Ondoren, "Zenbat falta da?" galdera proposatu nuen, baina editoreak azaldu zidan galderek ez dutela ondo funtzionatzen izenburu gisa. Gero "Luzeegi" bururatu zitzaigun, baina nahiko dramatikoa zela pentsatu genuen.

Azkenean, ingurukoei galdetuz, amak botatako proposamenen artean "Gurpilak" izena irten zen. Izen honek aukera ematen du metaforarekin jolasteko: gurpil bat buklea da, borobila, amaiezina dirudiena, baina zulo txiki batekin pintxatzen denean, guztiz aldatu behar duzu, bestela ibilgailuak ez duelako funtzionatzen. Badira garaiak gurpilak zulatzeko, aldaketa egiteko eta, behingoz, etxera iristeko.

Azken batean, ama izan zen izen hori aukeratzera bultzatu ninduena. Amaren lan ikusezina eta aitortu gabea omentzeko modu bat iruditu zitzaidan, eta hori izan zen izenburua aukeratzeko arrazoi nagusia.

Zelakoa izan da liburua idazteko prozesua? Bizipenak gogora ekartzea, beste motxiladun haurrekin elkartzea…

Liburua idazteko prozesua oso intentsua izan da, aberasgarria eta, egia esan, hunkigarria eta gozagarria ere bai. Niretzat zaila izan da ordenagailuaren aurrean esertzea, jakitun bainintzen prozesu honek emozionalki asko mugiaraziko ninduela. Hala ere, epeka egiteak lagundu dit nire burua behartzen, kalitatezko denbora tarteak hartuz, eta emozioei lasaitasunez beren bidea egiten uzteko. Idazketa prozesuko mementurik dibertigarriena haurtzaroko pasarteak idaztea izan da. Hori egiteak aukera eman dit gogoratzen ez nituen gauza batzuk berriro aztertzeko. Alabaina, erronka handiena izan da helduaren balorazioa, begirada eta tonua saihestea, horiek azkar agertzen baitziren idazketan. Garazi Arrula editorearen laguntza ezinbestekoa izan da horretan; izan ere, ez gaude ohituta haur baten begiradatik munduari begiratzera, eta are gutxiago gai horren arrotzak direnean. Garazik lan izugarria egin du.

Gainera, oso aberasgarria izan da inguruko motxiladun lagunekin elkartzea, zauriak partekatzeko, osatzeko eta gure arteko babesa are gehiago trinkotzeko. Prozesu horrek oso lotura sakona sortu du gure artean.

Kontakizunaren kronologiak badu arrazoirik?

Hasieratik eduki nuen argi ez nuelako kontakizuna bukatu nahi aita askatzen zuten egunarekin iruditzen zaidalako espetxearen inguruan hitz egin izan dugunean asko jo dugula erromantizatzera eta ez diogula inoiz erreparatu espetxean preso dagoena askatzen denean etxeetan gertatzen den horri. Noski dagoela zoriontasunetik, lasaitasunetik, atsedenetik eta arnasa hartzetik baina badago ere lurrikaratik etxe horietan. Ikasi behar da elkarbizitzen batzuetan apenas ezagutzen ez duzun guraso batekin, agian espetxean ezagutu duzun bikotekide batekin… horri eman nahi izan nion pisua iruditzen zitzaidalako oraindik gaur egun ez garela heldu puntu batetara zeinetan aitortu diezaiokegun elkarri horrek ere min batzuk sor ditzakeela eta ez dela erreza etxeratzeko bidea. Beraz erabaki nuen askatasun egun hori hasieran kontatuko nuela pixka bat zentrotik ateratzeko. Hori bukatuta berriro zentroan jarriko nuen motxiladun umea bera, bere bizipen propioak.

Euskal gatazkari nagusiki gizonek jarri diote ahotsa… zertan desberdintzen da zure errelatoa?

Lehen desberdintasuna subjektua bera da, nork kontatzen duen historia, nondik kontatzen duen eta zeri ematen dion aitortza edo garrantzia. Protagonista haur bat da, bere bizipen propioetatik hitz egiten duena, orainarte motxiladun haurren inguruan hitz egin dugunetan helduok hitz egin izan dugu haien bizipenetatik ariko bagina bezala, baina inoiz ez diegu lizentzia hori eman umeei haien ahots propioz hitz egiteko. Bestetik, orainarte espetxea irudikatzeko eduki dugun modu arrazional, zurrun eta militar horretatik  urruntzen dela uste dut, guztiz kontrakotik begiratuz; emozio, gabezia, min, zaurietatik… hori dela esplizituki. Azkenik uste dut liburuak badaukala protagonistaren sarea osatzen duten kideak emakumeak izatea. Badago ama bat, amama, izeko bat, aitite bat ere badago baina beste plano bat hartzen duela esango nuke. Badago irakaslearen figura, auzoko gudari baten arreba dena…

Orainarte egindako adierezpenetatik haratago doan zerbait gehituko zenuke?

Flipatzen ari naiz liburua hartzen ari den dimentsioarekin. Uste nuen ez nintzela oso kontziente idazten ari nintzenaz, baina jendeak liburua hain beso zabalik hartzea ez zait hain arraroa iruditzen. Horrek berretsi egiten du beste ahots batetik sortutako narrazio baten beharra genuela. Harrigarria da jasotzen ari naizen maitasun guztia.

Honek animatu zaitu orduan etorkizunerako beste proiekturen batean pentsatzera?

Ez, oraingoz ez. Txoriak buruan baditut, baina ez dut erabakirik hartu nahi. Uste dut bestela,  oso erraz egin dezakedala ihes orain bizitzen ari naizen hortatik.  Ahalik eta kontzienteen izan nahi dut eta gertatzen ari zaidan honetan “orain eta hemen” mantendu, jendeari ahal dudan oro eskaini eta bihotzak bete. Agian, nire esperientzia honek norbaiti bere bizitzako beste narrazio bat kontatzeko bidea irekiko dio.

Berbaizuk antolatzen duen Irakurleen Txokoan izango zara urriaren 22an.

Bai eta egia esan oso gogotsu. Orainarte egin dudan formatua elkarrizketa edo aurkezpen modukoa izan da eta gogoa daukat irakurleen txoko batera joateko eta irakurleen iritziak jakiteko. Orain arte maitasun  mezu pila bat jaso ditudan arren, nire hurbilekoenak izan dira eta errelato honetatik urrunago dagoen jendeak liburua nola hartu duen jakin nahiko nuke, zer aldatuko luketen, ze iritzi daukaten orokorrean.

Erlazionatuak