ELAk Bilboko Udala salatu du, eskubide sindikalak urratzeagatik

uriola.eus 2024ko urr. 22a, 17:49

ELAk ateratako argazkia

Urriaren 22ko goizean aurkeztu du salaketa ELAk, eta Bilboko Udalari egotzi dio ELAko afiliatuei prestakuntza ekitaldi batean parte hartzea ukatzeak. Hori jarrera anti sindikaltzat jo du sindikatuak

ELAk Administrazioarekiko Auzien Epaitegian aurkeztu du salaketa Bilboko Udalaren aurka, ordezkaritza sindikalerako eskubidea urratzeagatik. ELAk adierazi duenez, Giza Baliabideen sailak ukatu egin dio ELAren afiliazioari prestakuntza ekitaldi batean parte hartzea, argudiatuz ekitaldia ezin zela prestakuntza jardunaldi gisa jo.

Hitzarmenak afiliatuek prestakuntza ekitaldietara, biltzarretara eta antzeko jardueretara joateko baimenak jasotzen ditu. Hori dela eta, eskubide hori ukatzeak lan harremanak arautzen dituen akordioa urratzea dakarrela azpimarratu du sindikatuak, eta horrek erakusten duela Udalak sindikatuen aurkako jarrera duela.

ELAk gogorarazi du Euskal Herriko lan baldintzak Estatu mailakoak baino hobeak direla jarduera sindikalari esker eta haren aurka egiteak suposatzen duela euskal gizartean dauden aurrerapenen aurka egotea.  Sindikatuak kezkaz ikusten du erakundeak, Bilboko Udala kasu, izatea gizartearen interesen aurka egiten dutenak.