Errigorak urteak daramatza Ager eremuan “euskarari lurra” ematen, adierazi du Haizea Lizarbe Errigorako kideak. Nafarroa hegoalde eta erdialdean lantzen dute lur hori, eta loratzen jarraitu dadin auzolana ezinbestekoa dela azpimarratu du.
Hortaz, elkartasun kanpaina abiaraziko dute urriaren 24tik azaroaren 14ra arte. Nafarroa erdi eta hegoaldeko lurrak emandako produktuekin osatutako saskiak eskatzeko aukera egongo da. Bilboko euskaltzaleek bat egiten dute kanpainarekin. Pasaiak ezberdina dute, bai, baina euskarak batzen ditu, baita euskararen aldeko mugimenduak ere. “Guretzat Nafarroa erdi eta hegoaldeko euskalgintza indartzea bada euskara bera indartzea, bere osotasunean”, esan du Oihana Bartra bertsolariak.
Errigorako saskiak eskatzeko gonbidapena luzatuko dute Bilboko auzoetan egun hauetan zehar, eta hiru saski dituzte eskaintzan: ohiko saski beltza eta berdea (ekologikoa), eta saski gorri berria, produktu bereziagoz osatua, eguberriekin gehiago lotzen direnak. Eskaerak Errigora.eus webgunean edota eskuorrien bitartez egin daiteke. Saski bakoitzaren %25a zuzenean bideatzen da Nafarroa erdi eta hegoaldeko euskalgintzara.
Elkartasunaren bidez gauza handiak lortu daitezkeela argi esan du Jose Angel Iribarrek, Athletic-eko jokalari historikoak.