Aberastasunaren banaketa justuagoa lortzeko mobilizazio kanpaina bati ekin dio ELAk. Mikel Lakuntza idazkari nagusiak esan du borroka hori ez dela pazifikoa: “pribilegioak dauzkaten horiek ez diote egoera horri uko egin nahi”. Ekitaldian ere Leire Gallego Ekintza Sozialeko arduradunak hartu zuen hitza larrialdi soziala deskribatzeko, izan ere, errentaren prezioa %28 handitu da 2014tik eta, bitartea, 70.000 etxebizitza daude hutsik.
Greba feminista orokorra ere aipatu dute, izan ere, urtebete egingo du “sistema publiko, unibertsal, doako, kalitatezko eta erantzukizunaren alde” kalera irten zirenetik, eta agintariek negozioa egiteko eta pribatizatzeko zaintzak baliatzen jarraitzen dituztela nabarmendu du Karla Vidalek, zahar-etxeetan lan egiten duen ELAko ordezkari batek.
Aitor Murgiak, Azterketa Bulegoaren arduradunak, gogoratu du zerga-sistema taxutu dutela enpresek zerga gutxi ordain dezaten, eta zerga-erreformaren beharra azpimarratu du: “ez dago justizia sozialik zerga-sistema justu eta progresiborik ez badago”.
Ane Zelaia Sindikalizazio arduradunak ere hartu du hitza Hego euskal Herrirako duten gutxieneko soldataren proposamena zabaltzeko: “kalkulu berria egin beharko litzateke aberastasuna lan- eta kapital-errenten artean behar bezala bana dadin”. Aldarrikapen hau guztiz egingarria dela esan du Zelaiak.
Sindikatuaren auzi nabarmenak
Orohar, hainbat auzi plazaratu zituzten. Israelgo armada gazatzen ari den genozidioa salatu dute, euren hautu internazionalista berretsiz eta herrien arteko adiskidetasuna, bakea eta langile klasearen elkartasuna defendatuz.
Aberastasunaren banaketa da sindikatuaren estrategiaren erdigunean dagoen auzia. Politika egitera datozela ere azpimarratu du, politikan sinisten dutelako, baina gaur egun egiten ez den politika horretan. Hau da, bizi-baldintzak hobetzeko tresna gisa ikusten dute politika, eta salatu dute egungo politikaren arazoa dela beste lehentasun batzuk dituela, hain zuzen ere, botere ekonomikoari eta enpresei trabarik ez jartzea.
Gobernuaren papera ere salatu dute, eta ezkerrak duen paperaz ere kezkaz aritu dira, euren ustez sistema fiskal injustu bat xamurtzen ari baita eta uko egiten dio egungo sistema fiskala injustua aldatzeari. Adierazi dute ezkerrak alternatiba bat eraikitzeko egon beharko lukeela, eta ez eskuinaren programa erosteko.
Azkenik, ELAren paperaz ere aritu dira: interpelazio politikoa egiteko daude. Mobilizazioak deitu dituzte ELAko militante guztientzako: abenduaren 13an Iruñean eta 14an Bilbon.