Euskal Herria elkartu eta irudikatuko duen herri ekimena

uriola.eus 2024ko urr. 29a, 09:31

Gure Eskuren Herri Libre Bat dinamikak pausu berri bat eman eta Euskal Herria irudikatzeko beste modu bati ekingo dio azaroaren 16an. Eskuz osatutako katea izan beharrean, bideoz osatutako kate erraldoia osatuko dute.

Azaroaren 16an, online zuzeneko batean herri, eragile, pertsona, proiektu eta beste hainbat talderen errealitateak eta ezaugarriak erakutsiko ditu. Bagara izena jarri diote ikus-entzunezko maratoi honi, izan ere, herri herri bat badirela erakutsi nahi dute.

Hortaz, online zuzenekoaren bidez, herri bakoitzak dituen berezitasun, bizipen eta proiektu ezberdinak ikusteko aukera egongo da. Bideoak kulturaz, hizkuntzaz, burujabetzaz edota Euskal Herriarekiko loturaz arituko dira.

12 orduz irudikatuko dute Euskla Herria, goizeko 10:00etan hasita, gaueko 22:00ak arte. Zuzeneko emisioa Gure Eskuko kanalean zein Hamaika Telebistan jarraituko ahal izango da. Alde online izateaz gain, alde presentziala ere izango du, eta Euskal Herriko hiriburuetan ekitaldi kulturalez gozatzeko aukera egongo da. Bilbon, eguerdiko 12:00etatik 13:00etara, Azkuna zentrora egingo dute salto Herri Adierazpen garrantzitsu bat mahaigaineratzeko.