Euskararen erabileran eragiteko tresna eta modu masiboena da Euskaraldia, eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozial honek bere fruituak eman ditu azken hiru edizioetan. Baina, antolatzaileek gogorarazi dute Euskaraldiak berak ere badituela bere mugak, eta ezinbesteko bidea bada ere, ez da nahikoa. Horregatik, berriro ekin diote eta berrikuntzekin dator 2025eko Euskaraldia.
“Euskaraldia gaindituko duen Euskaraldia” bat nahi dutela azpimarratu dute. Ez dute nahi Euskaraldia egun jakinetara bakarrik mugatzen den ariketa soziala izaterik. “Nazio mailan, euskararen lurralde osoan, eta denok batera egiten dugun dinamika” zabaldu egin nahi dute, denboran eta gizartean. Hala ere, Euskaraldiaren oinarria mantendu egingo da, eraginkorra baita. Hau da, partaideek ahobizi ala belarriprest rola hautatu, izena eman, eta 11 egunez, dagokien txapa jantzita egingo dute ariketa. Antolatzaileek txaparen erabileraren garrantziaz hitz egin dute, izan ere, txapak ahalbidetzen du ariketa bera eta norberaren hizkuntza-portaera zein izango den adierazten du.
Edizio berriaren leloak berak, elkar mugituz egingo dugu, aktibazioari, mugimenduari, emozioei eta batak bestearengan duen eraginari egiten dio erreferentzia. Euskaraldia festa bat ez den arren, ariketa gozamenetik ere egin daitekeela azpimarratu dute antolatzaileek, euskaraz bizitzeko gogoz ari den komunitate bat garela sentituz eta ospatuz.
Kaleko euskalgintza, euskaldun eta euskaltzaleak mugiarazi nahi ditu Euskaraldiak, eta euskararen erabilera aktibatzeko prest dagoen jendea batu eta antolatu. Norabide horretan jada mugitzen hasi dira Euskaraldian parte hartuko duten Euskal Herriko hainbat txokotako herri batzordeak.
Horren erakusgarri izan dira, Iruñeko Txantrea auzoko batzordekide Dabid Dominguezek oholtzatik egindako hitzak: “Euskaraldia izan dadila jendea erakartzeko mugimendu bat, ur- zurrunbilo moduko bat, euskara bera erdigunean dela; horrela, euskaradunak gure artean konplizitate horrekin harreman atseginagoa izanen dugu, euskaradun bidean direnak haien asmoan sendotuko dira eta erdaldunei zerbait galtzen ari direlako susmoa piztuko zaie”.
Zer rol hartuko dut?
Herritarrei belarriprest eta ahobizi portaerak hartzeko deia luzatzen zaie, haien hizkuntza-ohiturak euskarara gehiago hurbil ditzaten. Gakoa jokaeran dago, ez gaitasunean. Kontua ez da norberak zenbat dakien egunerokoan zer egingo duen baizik. Norbanakoek, beraz, bi jokaeren artean hautatsu ditzakete:
- Ahobizi: Euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten du uneoro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakienean lehen hitzak, beti, euskaraz egiten ditu, euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraitzen du. Elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eusten dio kideek ulertzen dutenean.
- Belarriprest: Norbere gaitasun eta aukeren arabera erabakitzen du euskaraz noiz eta norekin egin. Agian beti ez du euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek berari uneoro euskaraz hitz egitea nahi du, eta horixe eskatzen die modu esplizituan.
Bestalde, badago entitate bezala parte hartzeko aukera. Mota guztietako entitateen ariketa modu erosoan egin ahal izatea eta euskararen erabilera handitzea da helburua, eta horretarako, entitateei neurriak hartzea proposatzen zaie.