KORRIKAk bere karbono-aztarna neurtu du lehen aldiz, garraioa izanik isuri iturri nagusia

uriola.eus 2024ko azaroaren 4a

1980tik ospatzen den euskararen aldeko ekimen handiak aurten 23. edizioa izan du, eta lehenengo aldiz kalkulatu nahi izan da zenbaterainoko karbono-aztarna uzten duen. Kalkulu hauen helburu nagusia etorkizuneko edizioetan emisioak murrizteko neurriak identifikatzea da, ekitaldia ahalik eta jasangarriena izan dadin.

KORRIKA, euskararen aldeko lasterketa herrikoi handiena, bere ingurumen-inpaktua neurtu du aurrenekoz, ISO 14067 araua oinarri hartuta. Lander Crespo klima-adituak egindako azterketaren arabera, KORRIKAren isurien %69 inguru garraioarekin lotuta egon zen azken edizioan, eta amaiera-egunean bertan garraioak izan zuen inpaktu handiena, isurien %74 sortuz.

Azterketak,ondorioztatu du salmenta-produktuek (arropa, adibidez) isurien %19 sortu zutela. Gainerako ekintzetan (argiztapena, azpiegiturak eta bestelako antolakuntza-elementuak) isuriak ez dira hain nabarmenak izan. Ikusita amaiera-ekitaldira joateko mugikortasuna dela isurketen iturri nagusia, Cresporen ikerketa gomendatzen du garraio-aukerak optimizatzeko eta produktuen ekoizpen-prozesuak hobeto kontrolatzeko. Era berean, datu-bilketa hobetzea gomendatzen du, etorkizuneko ingurumen-kalkuluak zehatzagoak izan daitezen.

Ane Elordik, KORRIKAko arduradun nagusiak, azpimarratu du euskararen aldeko ekitaldi honen helburua ez ezik, ingurumenarekiko konpromisoa ere ezinbestekoa dela: "izan daitezela euskararen oihartzuna, hanka nekatuak eta oroitzapen gozoak KORRIKAren aztarna bakarra!”

Ikerketak ondorioztatu du KORRIKA beste ekitaldi handiekin alderatuz, hala nola New Yorkeko eta Madrilgo maratoiekin, karbono-aztarna mailan nahiko baxua dela, nahiz eta parte-hartzaile kopurua oso handia izan.

Txosten osoa eta aurreko ikerketak kontsultagai daude KORRIKAren webgunean: www.korrika.eus/eu/korrika/ikerketak.