Urtebete pasatu da data horretatik, eta Euskalgintzaren Kontseiluak urte honen balorazioa egin du. Kontseiluak kezkatuta adierazi du tamalez auzitegien sententziak ez direla eten: auzitegiek euskararen normalizazioa eta hizkuntza-eskubideak gutxiesten jarraitu dute Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan, gero eta interpretazio murriztaileagoarekin.
Hala ere, esperantza izpiak ere ikusi dituzte, izan ere, epai euskarafobo bakoitzeko, herritarren eta afektatutako langileak mobilizatu egin direlako, erantzun irmoak euskararen normalizazioaren defentsan. Era berean, hainbat aditu eta juristak luzatu dute administrazio publikoko hizkuntza irizpideen paradigma aldatzeko proposamena, Kataluniako zein Galiziako ereduak aintzat harturik, funtzio publikorako sarbidean euskararen ezagutza orokortzeko. Beraz, bada egungo egoera gainditzeko proposamen gauzagarria.
Azken batean, aurre egiteari utzi eta aurrera egiten hasteko garaia dela azpimarratu du Kontseiluak. Euskararen normalizazio eta biziberritzea atzeraldi arriskutik ateratzeko, ezinbestekoa da hizkuntza-politiketan jauzi sendo bat egitea. Oldarraldiak premiazko jauzia eragozteaz gain, iraganeko eszenatokietara garamatza, azken hamarkadetako adostasun politiko eta soziala hautsita.
Garrantzitsua da nabarmentzea urte honetan zehar, Kontseilua Batuz Aldatu dinamikako Talde Eragilea akordio soziopolitiko berri bat bideratzeko lanean aritu dela. Dinamika horrek jada badu adostasun sozialaren oinarria norabidetuta: ezagutzaren unibertsalizazioa eta erabilerarako eremu erosoen hedapena. Euskararen normalizazio eta biziberritzea helburu, eta, horrenbestez, gizarte kohesioa, justizia soziala eta bizikidetza indartzea xede.