Zerbitzu berri honek lankidetza estua du aspalditik kulturen arteko harrera eta bizikidetza programak garatzen ari diren gizarte-erakundeen sarearekin. Irekiera berriaren bidez Bilbon bizi diren migratzaileei, hirira egokitzeko prozesuan eta berdintasunezko eskubide eta aukerak izateko prozesuan laguntza eman nahi zaie. Bilbon erreferentziazko zerbitzu publikoa izatea da Harreragune zerbitzuaren xedea eta horretarako, atzerriko migratzaileen iritsierako lehen faseko jarduerak indartzen ditu.
Harreragunek premia espezifikoenetara egokituta eskaintzen dituen zerbitzu espezializatuak honako hauek dira: Atzerritasun-aholkularitza juridikoa, prestakuntza eta lan-orientazioa, ikasketen homologazioa eta baliozkotzea, laguntza psikosoziala, familia berriz elkartzeko laguntza eta gizartean eta kirolean parte hartzea. Talde eta komunitate jarduerak ere antolatzen ditu integrazio-prozesuan laguntzeko, besteak beste: Gaztelania eta euskara ikastaroak, askotariko gaiei buruzko informazio-saioak, kulturen arteko bizikidetza jarduerak…
Errealitate demografiko anitza
Bizkaiko hiriburuak askotariko errealitate demografikoa islatzen du. Izan ere, 2024ko urtarrilaren 1ean, biztanleen %17,3a atzerritar jatorriko biztanleak ziren (60.000mpertsona baino gehiago, Bilboko immigrazioaren Tokiko Behatokiaren txostenen arabera). Hala, aniztasun hori eta Udalak lehendik duen jakinduria direla eta Bilbon egingo da lehen Harreragune pilotua.