Homeless Film Festival Jaialdiaren 9. Edizioa ospatuko dute Bilbon

uriola.eus 2024ko aza. 6a, 11:40

Homeless Film Festival orrialdetik hartutako irudia

Bederatzigarren urtez antolatu du Bizitegi elkarteak zinema eta antzerki sozialaz beteriko jaialdi hau. Bilboko hainbat tokitan eta inguruetan ospatuko dute,  azaroaren 7an, 13an, 14an eta 21ean, etxerik gabeko eta gizarte bazterkeriako egoeran dauden pertsonen ikusgarritasuna eta inklusioan arreta jartzeko.

Jaialdia azaroaren 7an abiatuko da, eta lau egunetan zehar zinema eta antzerkiaz gozatzeko aukera eskainiko du. Lehen jardunaldia Bilboko Golem Alhondiga zineman izango da, Ladj Ly zuzendariaren Los indeseables film frantziarra proiektatuz. Filmak Parisko aldirietan oinarritutako thriller sozial bat aurkezten du, zuzendaritzan Lyren begirada zorrotza eskainiz, bere aurreko Los miserables filmarekin lortutako ospea berretsiz. Azaroaren 21ean, Santurtziko Serantes Kultur Aretoan, Paola Cortellesiren Siempre nos queda mañana film arrakastatsua aurkeztuko da.

Jaialdiak gizartearen arreta etxerik gabeko pertsonen errealitatean jartzea du helburu, et Bizitegi elkarteak antolatu du, EITB, Eusko Jaurlaritza eta Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen laguntzarekin.

UPV/EHUko Miren Gabantxo Publizitateko doktoreak jaialdiaren garrantzia azpimarratu du gazteen artean: “oso garrantzitsua da gazteak inplikatzea, sare sozialetan etengabe jasotzen dituzten gorroto mezuak direla eta”. Publizitateko doktoreak adierazi du jaialdiaren bidez ikasleak gorroto mezuei aurre egiteko ”txertoa hartzea” lortzen dutela.

 

Antzerkia protagonista, azaroaren 13an

Azaroaren 13an antzerkia izango da ardatz, Bizkaia Aretoan egingo diren saioekin. Zenbatu antzerki konpainiak Ivan Iparragirreren Debajo del puente antzezlanarekin hasiko du eguna, eta jarraian, IES Ibarrekolanda BHIko Arte Eszenikoen Batxilergoko ikasleen dantza ikuskizuna izango da ikusgai. Bizitegiko Kuskurrum Teatro konpainiak bere 25. urteurrena ospatuko du urte hauetako ibilbidea laburbilduz. Arratsaldean, Parena antzerki konpainiak El paraíso de los rotos antzeztuko du, Lorena Arangoa eta Patxi Larrea aktoreekin.

 

Film Laburrak eta Sorkuntza Gaztea, Azaroaren 14an

Azaroaren 14ko jardunaldian zinema izango da nagusi, eta Bilboko hainbat ikastetxetako ikasleek egindako film laburrak proiektatuko dira. Ekitaldia Nork lotu zaitu gurdi honetara? antzezlanarekin abiatuko da, eta ondoren, Bizitegin ekoitzitako eta Iñigo Cobok zuzendutako lanak aurkeztuko dira, Arte Eszenikoen Batxilergoko ikasleen sorkuntzekin batera. Arratsaldean, Nüll Garciaren Malegro verte film laburra eta Euskal Herriko Unibertsitateko klaseek egindako lana eskainiko dira, Xabier Madariagaren aurkezpenarekin.

Jaialdiaren amaiera ekitaldian, EITB Besarkada Saria emango zaio Roberto Valenciaren El extraño caso del hombre bala film laburrari, etxe berri baten bilaketari buruzko istorio poetikoa.