Bilbon, korrontearen kontra

uriola.eus 2024ko aza. 11a, 11:33

Korrontearen kontra bizi den espeziea da euskaldunarena Bilbon. Kontrako korronte txiki eta handiak bizi ditugu egunero, axolagabekeriak batzuetan eta zapalkuntzak beste batzuetan eragindako korronteak. Eguneroko horretan ohartu ere ez gara egiten sarri euskaraz aritzeko zailtasun horietaz, handiak izan arren ikusezinak baizaizkigu sarritan kontrako korronte horiek.

Kafe bat eskatzeko “noentiendotarren” erantzunaren aurrean gure buruaren itzultzaile bihurtzen garenean (“kafe bat, un café”) , Udaltzain parea gelditu eta ulertzen ez gaituztenean edo gure  seme-alabak kiroldegian euskarazko ikastaro bakanetan izena emateko suertea izanda ere, hezitzailea gazteleraz entzuten dugunean, zirimiri ikusezin bezain eraginkorrean bustitzen ari gara etengabe. Egunerokoak izanagatik oso barneratuak ditugun egoera ustez garrantziarik gabekoak dira, baina apurka-apurka hiztun modura gure kemena txikitu eta frustrazioa handitzen duten egoerak bizi ditugu nahi baino gehiagotan.

Bilbon non-nahi eta noiznahi euskaraz aritzea ezinezkoa egiten duten arrazoiak asko dira: batzuk erabaki politikoek edo era guztietako eragileen erabakiek eragindakoak, beste batzuk gizarte joerek edo bestelako faktoreek eragindakoak. Horien aurrean banaka-banaka erantzunak eman behar izatea neketsua eta frustragarria da sarri, errazagoa eta erosoagoa baita korronte nagusiaren magalean kokatzea. Eta horregatik da garrantzitsua modu antolatuan erantzutea, euskaldunon sare indartsua izatea.  

Kontrako korronte horiek zalantzan jartzen dizkigutenak ere badaude. Are, pribilegiatu deitzen gaituztenak beren bizitzan beraiek hautatutako hizkuntzan bizitzeko inongo arazorik ez duten artean. Harrotuta eta erasokor daude jarrera erdalzaleen bozeramaleak, Europan bizi ditugun korronte atzerakoien pareko estrategiekin. Oldarraldi erdalzale ideologiko, judizial eta mediatiko indartsuak erasaten gaitu, euskarazko hizkuntza praktikak zailtzen eta oztopatzen dizkigun oldarraldiak. 

Bitartean, euskaraz bizitzea eguneroko hesi-lasterketa bat da euskaldun aritzeko hautua egiten duen ororentzat, kontrako norabidean datorkigun eskailera mekanikoa igotzen saiatzea da sarri euskarari uneoro eta gune guztietan eustea Bilbon. Medikuari osasunari buruzko galderak euskaraz ezin egin eta hizkuntza aldatu behar denean, itzulpen ulertezinak ulertu ahal izateko kartel edo eskuorrien gaztelerazko bertsioak irakurri behar direnean edo arduradun politiko euskaldunen etengabeko gaztelerazko marmarra jasan behar dugunean eskailera mekanikoaren kontrako borrokan murgiltzen gara. Eta gazteentzako kirol erreferente direnei gure udaletxeko balkoia utzi eta gazteleraren tenplu bihurtzen dutenean are gogorragoa bihurtzen dute gure borroka.

Ez da erraza Bilbon euskara erabiltzeko erabakia lasaitasunez bizi ahal izatea. Urtero ehunka lagunek gurutzatzen dituzte euskaltegietako ateak eta gazteleraz mintzo zaien hiria aurkitzen dute parean. Beren burua euskalduntzeko hautua egin dutenek ere ez dute erraz inguru abegikorra aurkitzen.

Baina ez dugu etsiko. Korrontearen kontra ari garela jakinda, korronteak aldatzeko lanean ari den jende ugari dugu gurean. Merkatuaren, botereen eta joera nagusien autopista errazenetatik joan beharrean, euskararentzat bidegorriak eraikitzen ari diren gune eta taldeak baditugu Bilbon: euskarazko kulturgintzarentzako espazio duinak eskaintzen dituztenak, aisialdia gure hizkuntzan gozatu ahal izateko lanean ari diren edo sortze prozesuan dauden taldeak, hiztun komunitatera kide berriak gehitu nahian ari diren euskaltegiak edo euskaraz funtzionatzea erabaki duten era guztietako erakundeak (elkarteak, kirol taldeak, enpresak, komertzioak,...). Hirian ere arnasguneak sortu daitezkeela frogatzen duten eragileak.

Jende multzo antolatuei esker aldatuko ditugu korronteak, beraz. Antolatzeko, ekiteko eta mugimendura batzeko deia egiten diegu gure auzokideei Guka Bilboko euskaltzaleen plaza asketik. Ekinez eta eraginez mugiaraziko ditugu mugiezinak diruditen joera, arau eta jarrerak.

Erantzukizunez ekin eta eragingo dugu, hiztun modura zein komunitate modura ditugun eskubideak lortuz eta baliatuz. Erantzukizuna da eragile modura ari den talde antolatu honen ekiteko modua, etsi gabe, gero eta jende gehiagorekin batera, auzolanean. Hiztunon erantzukizunaren parekoa behar dute gainontzeko botereguneek ere. Gure ardura da hauei ere erantzukizuna eskatzea.

Aldarrikatuz ekin eta eragingo dugu, erabaki politikoak hartu behar dituztenei euskararen aldeko politika eraginkorrak martxan jarri ditzatela eskatuz eta arauak ere norabide horretan sortu ditzaten exigituz, arautzea ere hizkuntza politika baita. Gure hirian bisitariei eta beraien hizkuntzei egiten zaien harrera abegikorra ez dugu euskaldunok gurekiko eta gure hizkuntzarekiko sentitzen. Exigitu dezakegun gutxienekoa da hori.

Eraikiz ekin eta eragingo dugu baita ere, gure esku dauden espazio, une eta testuinguruak sortuz eta euskaraz aritu nahi dugunontzako gune erosoak erraztuz.

Eta azkenik, irmotasun eta alaitasunez ekin eta eragingo dugu, irmo defendatuko baititugu dagozkigun eskubideak eta harro eta pozik ospatuko baitugu bagarela eta aurrerantzean ere  hiztun komunitate indartsu bat izango garela.

 

Isabel Isazelaia eta Iker Martinez de Lagos

(GUKA Bilboko euskaltzaleon plaza askearen izenean)