Nolakoa izan da XIBEROA KANTUZ LORATURIK. TXORIEKIN HIZKETAN proiektua aurrera eramateko prozesua?
Begira Produkzioetatik Loraldiarentzako enkargu ezberdinak egiten ditugu, eta pieza hau sortzeko aukera aurkeztu zigutenean, Luxon (Iparraldean) bost artista batu ziren sormen prozesuan. Iruñeko Gaiarre Antzokian prozesu horri buruzko ekitaldi bat aurkeztu zuten, eta guk artista horiekin egun horiek pasatzeko aukera izan genuen, 20 minutuko dokumental bat sortzeraino. Bi egun igaro genituen grabatzen, eta isilean entzuten genuen hori jasotzen. Dokumentalean, soinua eta Zuberoako paisaia dira elementu nagusiak; bertako jendeak lurrarekiko eta ohiturekiko duen harremanaz ikuspuntu bat eskaini nahi izan dugu. Sintetizatuz; sormen prozesu hori ikustera joan ginen, soinu eta paisaia aldetik Zuberoak berak eskaini ziguna jaso genuen eta horrekin dokumentala osatu dugu.
Artisten sormen prozesuaren egunerokotasunean sartzea erraza izan da?
Maddi Oihenart, Ihitz Iriart, Beñat eta Julen Acheary eta Mixel Etxekopar izan ziren besteak beste proiektuko artistak. Hasieran ez zen erraza izan artistek eurek denbora gutxi zutelako eta izutu egin zirelako gure kamarak sartzerakoan baina azkenean ondo irten zen. Negoziazio puntu batera heldu ginen. Lanketa bat egin genuen behaketatik eta lasai. Errespetu handiz betiere.
“Gurea, lokal eta euskaratik, mundu mailan zabaltzeko proiektuak planteatu daitezkeela argi dugu”
Begira Produkzkioak bezala badituzue proiektu gehiago?
Bai. Alde batetik, Primeran plataformarentzat Glaziarrak agurtzen izena duen saio bat ekoizten ari gara. Aldaketa klimatikoaren ondorioz Pirinioetako glaziarren urtze prozesutik datorren sentsibilizazio edo kontzientziazio saio bat da. Primeran eta Mendi Filmen kolaborazio akordiotik irten zen lehenengo kapituluaren aurrerapen edo “previa” bat Mendi Filmen aurkeztearen ideia eta holaxe izango da. Abenduaren 13an 19:30etan BBK Aretoan aurkeztuko da Glaziarrak agurtzen. Bestetik, Itziar Zorita eta Amaia Nerekanen Cara de bicicleta labur- dokumentala produzitzen ari gara. Grabazioak egiten gabiltza beraz gehiegi kontatu gabe esan dezakegu emakumea eta bizikleta hartzen dituela bere baitan laburrak. Ia %100ean emakumez osatutako lantalde tekniko eta artistikoa osatu dugu.
Cannesen ere izan gara aurten Dastattoo, gastronomía eta tatuajeen inguruan aurten produzitu dugun saioarekin. Gastronomia eta tatuajearen inguruko saioa da, eta mundu mailan hedatzeko formatu interesgarria iruditzen zaigu. Nahiz eta tokiko eta euskarazko ekoiztetxea izan, gure lanak mundura zabaltzea dugu
helburu. Lehen aldiz izan gara Ca-nnesen MIPCOM telebista eta ikus-entzunezko formatuen merkatuan, eta kontaktuak egiteko aukera izan dugu. Euskarazkoa eta lokala den ekoiztetxea izanda ere, ez dizkiogu geure buruari ateak itxi nahi mundura begira eta gure lana kanpora esportatzeko momentuan gaudela uste dugu.
Ba al duzue beste proiektu berezirik esku artean?
Badaukagu beste proiektu bat ilusi handia egiten diguna eta hor bai, mundu berri batean sartuko gara. Katixa Agirreren eta Harkaitz Kanoren gidoi originalarekin fikziozko telesail bat garatzen ari gara, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza jaso dugularik. Mundu berri batean sartzeko aukera izango da, eta gogoz gaude. Momentuz garapeneko fasean gaude.
Larraitz, zuk Doxa ekoiztetxearekin batera eta ZINEBIn ere ITOIZ taldearen inguruko dokumentala lantzen ibili zara. Nola doa hori?
Begiraz haratago, Ainhoa Andraka eta Zuriñe Goikoetxearekin lanean eta Doxa ekoiztetxearekin batera, “ITOIZ UDAKO SESIOAK“ izeneko film dokumentala estreinatuko dugu ZINEBIn. Azaroaren 11n, Zinebi First Film sail lehiakorraren barruan aurkeztuko da gure lana.
Udazken oparoa izaten ari zarete, beraz. Nola antolatzen zarete horrenbeste proiekturekin?
Oso momentu emankor eta oparoan gaude baina gure leloetako bat beti proiektuak zaintza eta autozaintza batetik garatzea da. Pozik gaude esku artean proiektu polit eta interesgarriak ditugulako. Kontuan izan behar dugu sortzen eta euskaraz bizi garela eta sormenetik eta euskaraz bizitzeko aukera izateak pribilegiatu egiten gaituela.
Esan bezala hazkunde prozesu batean gaude eta gure apustua hori da baina ez edozelan eta ez edozertarako. Produktora askotan egin dugu lan gurea eduki aurretik eta ikusi ahal izan dugu ikus entzunezko ekoiztetxe askotan nola planteatzen diren proiektuak. Bizi izan ditugun esperientziak kontutan izanda, gure asmoa beste mota bateko zerbait egitea da. Gure atsedenak, gure eskubideak…enpresa moduan zaintzaz ari garenean horretaz ari gara. Edukiei dagokienez, filtro bat pasatzen dugu eta gu garen hortatik planteatzen ditugu proiektuak. Gurea, lokal eta euskaratik, mundu mailan zabaltzeko proiektuak planteatu daitezkeela argi dugu.
Jakin badakigu Berbaizuko langilea izan zinela zu, Ane. Nolakoa izan da ibilbidea gaurdaino?
Larraitz eta biok 2015ean ezagutu genuen elkar. Bakoitzari bere aldetik produktora batetik deitu ziguten eta aste betez batera egin genuen lan. Gerora, bakoitzak norbere bidea egin zuen baina pandemiaren bueltan, elkarrekin zerbait egitea erabaki genuen. Larraitzek “Begira bideoak” ekoiztetxea zuen jada eta nik, “Ur handitan” telesaila zuzentzen nuen baina gure arteko sintonia ona aprobetxatzeko nahiak “Begira produkzioak” sortzera eraman gintuen. Duela pare bat urte elkartu ginen legalki eta 5 urte daramatzagu elkarrekin lanean.
“Esan bezala hazkunde prozesu batean gaude eta gure apustua hori da baina ez edozelan eta ez edozertarako”
SAKONEAN
Sortzaile zareten aldetik, zeintzuk dira zuen lanaren alde txarrak?
Behin-behineko bizimodua daukagu. Ez daukagu lanpostu finko batek eduki dezakeen aurreikuspen bat. Ez dakigu datorren udan lanez gainezka egongo garen edo bidaiatu ahal izango dugun. Ez daukagu ezedentziak edo horrelakorik eskatzeko aukerarik.
Zein da zuen ametsetako proiektua?
Larraitz: Niretzat gaur egun esku artean daukaguna kontuan hartuta erronka handiena benetan Katixa Agirrerekin daukagun fikziozko serie hau produzitu ahal izatea da. Ideia honek produkziora salto egin ahal izatea, esku artean dugun hau errealitate bihurtzea alegia.
Ane: Ni beti nago “Late Night” feminista batekin buruan. Aspaldi proposatu genuen eta ez zen inor ausartu. Beti nago “late night” kañero eta feminista batekin buruan iruditzen zaidalako kafe antzoki bat gorarte betetzea humoretik eta zarata egitea aldarrikapenetik gure zeregina izan daitekeela.