Pello Gutierrezen Erreplikak ZINEBIn parte hartuko du

uriola.eus 2024ko aza. 12a, 17:14

Zazpi T’erdi ekoiztetxeak ekoitzitako film luze honek hitzordua dauka gaur, hilak 12, Golem zinemetan, gaueko 21:30ean.

Pello Gutierrezen ERREPLIKA dokumental luzeak ZINEBI - Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 66. edizioan parte hartuko du, Beautiful Docs - Munduko film luze dokumentalen panorama, sailaren barruan. Lehiarik gabeko sail honek dokumentalaren nazioarteko panoraman gertatzen dena islatzen du.

Euskarazko dokumental honek 74 minutu irauten du, eta Pello Gutierrezek zuzendu du. Iñaki Sagastume, David Aguilar Iñigo eta Pello Gutiérrezek idatzi dute, eta azken bi hauek jardun dira filmaren montajean. Iñaki Sagastume ekoizlea da eta Kany Peñalba ekoizle elkartua.

ZINEBI Networking EITB saria irabazi zuen proiektuak (Bilboko dokumentalen eta film laburren jaialdia). ERREPLIKAk EITBren partaidetza dauka eta Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ere bai. Zinema aretoetara 2025. urtean iritsiko da.

Pello Gutiérrez zuzendariak adierazi du dokumentala irudien bidez sortu dela, baina ahotsaren bidez garatu. “Nire ahotsak gidatzen du filma, eta protagonisten ahotsek ematen diote jarraipena”. Pertsonaletik kolektibora, ikerketa honek irudi ezaren bidez herri honen oroimena arakatu nahi duela esan du. “Aldi berean, galdu berri dugun ahaidearen galeraren aurrean, irudiari eta memoriari buruzko hausnarketa planteatzen du", gehitu du zuzendariak.

Pello Gutiérrez Peñalba Donostiako ekoizle eta zinemagilea da. 2007an Zazpi T’erdi sormen-kolektiboaren ekoiztetxea sortu zuen, David Aguilar, Juanmi Gutiérrez eta Iñaki Sagastumerekin batera. 

Pello Gutiérrezek beste modu batera ezagutu ezingo lituzkeen errealitateetara hurbiltzeko modu gisa ulertzen du zinema. Haren ibilbidean hainbat gairi buruzko dokumentalak idatzi eta ekoiztu ditu eta nazioarteko jaialdietan saritua izan da. Experimentazioa, zinema-hediatua eta bideoaren erabilera espazio eszenikoetan ere jorratu ditu. Horrez gain, hainbat kolektibo, elkarte eta erakundeekin batera zinema hezkuntza ikastaroak eskaintzen ditu eta zinemaren zabalpenerako hainbat esperientzia kolektiboren antolakuntzan ere dihardu.