Europako Karta Sozialak gomendatzen du gutxienez batez besteko soldataren %60 izan behar duela, hau da, 1.600 euro gordineko gutxieneko soldata ezartzea. Baina LABek azpimarratu du gaur egun EAEko langileen laurdenak (gutxienez 210.000 langile) 1.600 eurotik beherako soldatak jasotzen dituztela, eta horietako gehienak emakumeak direla. Horren aurrean, sindikatuak eskatu du lan baldintza eta bizi kalitatearen hobekuntza, eskatuz Confebaskek negoziazio kolektiboan hartu beharko lukeela erantzukizuna.
LABek Eusko Jaurlaritza ere interpelatu du, eta oroitarazi du Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak onartu duela EAEko gutxieneko soldata propio bat behar dutela. Sindikatuak gogorarazi du beharrizana aitortzeaz gain, urrats zehatzak eta negoziazioak behar direla, eta Jaurlaritzari eskatu dio patronalari presioa egiteko eta akordio horren alde egiteko.
1.600 euroko gutxieneko soldata ezartzea juridikoki eta ekonomikoki bideragarria dela adierazi du LABek. Langileen Estatutuko 83.3 artikulua erabiliz, akordio baten bidez soldata hori ezar daiteke, eta enpresek badutela baliabide nahikoa langileen soldatak hobetzeko. "Aberastasun nahikoa dago, eta hori gero eta modu desorekatuagoan banatzen da", adierazi du sidikatuak, eta soldata duinak ezartzea beharrezkoa dela justizia sozialerako.
LABek agerraldian iragarri du mobilizazioak egingo dituztela, eta sindikatuak beste indar sindikalak borroka honetara batzeko lan egingo duela. Gainera, negoziazio markoak bilatuko dituzte, 1.600 euroko soldata horren inguruan akordio bat lortzeko. "EAEko langileek ezin dute gehiago itxaron", adierazi du LABek, eta gehitu dute soldata arrakalak gutxitzeko eta langileen bizi-kalitatea hobetzeko beharrezkoa dela gutxieneko soldata hori.