Sei euskal film labur lehiatuko dira ZINEBIko Sail Ofizialean

uriola.eus 2024ko aza. 14a, 11:09

ZINEBIko Sail Ofizialak sei euskal film izango ditu lehian eta gaur, hilak 14, proiektatuko ditu. Azkuna Zentroko Auditoriumean izango da arratsaldeko 20:00etan.

Alex Reynoldsek, Tamara García Iglesiasek, Iratxe Fresnedak, Lorea Lyonsek, Ane Ines Landetak, Jorge Moneo Quintanak eta Aitzol Saratxagak zuzendutako film laburrek ZINEBI Sari Nagusia (7.000 euro), Euskal Zinemaren Sari Nagusia (6.000 euro), Espainiako Zinemaren Sari Nagusia (6.000 euro), Mikeldi sariak fikzio, animazio eta dokumental kategorietan (5.000 euro) eta Publikoaren Saria-EITB (3.000 euro) lor ditzakete.

Aitziber Olaskoaga ZINEBIko Hautaketa Batzordeko kideak zuzendariak zoriondu ditu: “100 euskal film labur baino gehiago aurkeztu dira, hori dela eta, hautaketa prozesua nahiko latza eta konplexua izan da”.  Sei film laburrak Estatuko estreinaldiak dira, eta Horizontal eta Errotatiba filmak ere mundu mailako estreinaldiak dira. 62. edizioaren Xixongo Nazioarteko Zinema Jaialdiarekin partekatu dute estreinaldia, azaroaren 15ean hasiko dena.

Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotziak adierazi du ZINEBIk arreta berezia eskaintzen diela EAEn ekoitzitako filmei: “Jaialdiari ematen dioten aniztasun eta narratiba aberatsean sinisten dugu”.

51 filmek parte hartzen duten ZINEBI 66ko Nazioarteko Film Laburren Lehiaketako Sail Ofizialeko sariak nazioarteko epaimahaiak emango ditu: Anahí Berneri zuzendari, gidoilari eta zinema-ekoizle argentinarrak; Esther García Rodríguez El Deseoko produktore exekutiboak; Claudius Gentinetta komiki-marrazkilaria, animazio-filmen zuzendaria eta diseinatzaile suitzarrak; Olatz Ganboa euskal aktoreak; eta Nebojša Slijepep Eviere, Cannesen Urrezko Palma irabazi duen zinemagile kroaziarrak.

 

Euskal filmak sakonean

Tamara Garcíak zuzendutako Locas del ático dokumental-esperimentala oroimenaren hauskortasunari eta gizakiak oroimena babesteko sortzen dituen lekuei buruzkoa da. “Isilduak izan diren gauzei ahotsa eman nahi zian diet”, aitortu du García zuzendariak.

Lorea Lyons eta Ane Inés Landetak Azkena dokumental-animazioa aurkeztu dute. Loreak ama eta amona ditu erreferentziatzat. Bi belaunaldi horien bidez, emakumeak amatasunaren inguruan bizi izan duen loturari erreparatzen dio. “Proiektu honek duen helburua amatasunaren inguruan dauden begirada, aurreiritzi, presio, onura eta beldurren arteko pultsua plazaratzea da”, gehitu du Landetak.

Ehiza fikzioa Aitzol Saratxagak zuzendu du eta XIX. mendearen amaierako Mateo Txistu: País Vasco ipuin herrikoiaren aurrekaria da. Herrixka batean, Mateo erretorea desagertu egiten da arrastorik utzi gabe. Bertakoen esamesen aurrean, Artzapezpikutzak bi apaiz bidaltzen ditu gertakarien egia ikertzera. “Ikusleek protagonisten dilema moral bera izango dute filma ikustean”, adierazi du dokumentalaren ekoizleak.

Iratxe Fresneda zuzendariak Errotatiba aurkeztu du, ez-fikziozko film laburra, oroimenaren hauskortasunari eta gizakiak oroimena babesteko sortzen dituen lekuei buruzkoa. “Gerturapen formala da, lekuetara gerturatzen gaituena, gertaera historiko garrantzitsu bat gurera ekartzeko: Egin egunkariaren itxiera”, azaldu du Fresnedak. Espazioen bitartez gerturatu dira lekuek gordetzen dituzten kondairak ekarriz.

Horizontal fikzioa, Alex Reynoldsek zuzendua, genero-zinemaren elementuak erabiltzen ditu ume baten eta heldu baten arteko harreman baten erretratua egiteko, Horrela, normalean askoz bertikalagoa den erlazio bat kolokan jarri nahi zian dute.

Azkenik, Jorge Moneok Exergo dokumentala zuzendu du. Bilboko Arte Ederren Museoko hainbat margolanei gerturatzen da. Xehetasun periferiko edo ezkutuetatik abiatuta, narratzaile batek Museoko lan horiei lotutako historiak iraganeko zein egungo artisten baldintza sozial, ekonomiko eta psikologikoekin erlazionatzen ditu. “Ikusleari normalean ikusezina den museoaren atal bat erakusten dio”, adierazi du zuzendariak eta bukatu du esanez, narratzaile baten bidez, koadro ezberdinetako elementuen arteko hipotesiak eta harremanak proposatzen dituela, eta artelan baten atzean egon daitezkeen ekoizpen-baldintzei erreparatzen diela-

 

Ohorezko Mikeldiak

 ZINEBIk Ohorezko Mikeldi saria eman dio Laura Poitras zinemagile estatubatuarrari, eta Jaialdian zehar bere bi film proiektatu ditu, zuzendariaren aurkezpenarekin: "Citizenfour" (2014) eta "All the Beauty and the Bloodshed" (2022).

Justizia sozialarekin eta herritarren eskubide eta askatasunen defentsarekin duen konpromiso irmoagatik jaso du saria , lan zinematografiko zorrotz batean zehar adierazia, askotan bisuala. Estilo narratibo intimoa baliatuz, agintariei eska dakizkiekeen printzipio demokratikoak eta gardentasun-printzipioak aldarrikatzea lortu du bere dokumentaletan.

ZINEBIk José Luis Alcaine argazki-zuzendariari ere Mikeldi saria emango dio. Honek Zinemaldiaren amaiera ekitaldian,  jasoko du ohorezko saria, azaroaren 15ean, Arriaga Antzokian.