Bilboko udalak etxebizitza turistikoen etenaldia onartu du

uriola.eus 2024ko aza. 15a, 12:48

Sei hilabeteko atzerapenarekin, Bilboko udalak Bihotzean auzo elkartearen eskaera onartu eta erabilera turistikora bideratutako etxebizitzen behin-behineko etenaldia ezarri du. Maiatzean aurkeztu zuen eskaera elkarteak, Alde Zaharrean pisu turistikoen gorakada geldiarazteko asmoz.

Pozgarria dela adierazi dute Bihotzean auzo elkarteko eta Sos Alde Zaharra elkarteko kideek, urteetan egindako lanaren emaitza delako. "Auzokideon borrokak merezi duela eta eragiteko ahalmena dugula" azpimarratu dute.

Hala ere, zuhurtziaz hartu dute erabakia, udalak gehiegi atzeratu duelako. Elkarteak maiatzaren 30ean egin zuen etenaldia berehala ezartzeko eskaera, baina orduan udalak ez zuen horretarako beharrik ikusi. "Alarmista" izatea eta auzoko errealitatea "distortsionatzea" egotzi zietela gogorarazi dute. Bitartean, sei hilabete hauetan, %35,5 igo dira pisu turistikoak zabaltzeko eskaerak, eta presio turistikoa %30 baino handiagoa dela adierazi dute.

Azaroan udalbatzarrean defendatuko duten mozioan, auzo elkarteek proposamen konkretuak aurkeztuko dituzte turismoaren presioa mugatzeko eta kontrol integrala ezartzeko. Besteak beste, hauek dira proposamenak: presio turistikoari mugak ezarri eta deshazkunderako neurriak planteatu, turisten taldeak espazio publikoan erregulatu, bizitza komunitarioa bermatzeko zerbitzuak babestu.

Elkarteek auzokideak zoriondu dituzte borroka honetan emandako babesagatik, eta lanean jarraitzeko deia egin dute. "Urtebeteko epea daukagu, auzokideona izango den auzo bat berreskuratzeko," gaineratu dute.