Ekimena bi helburu nagusi izango ditu, alde batetik, bizi-ohitura osasuntsuak sustatzea. Bestetik, prostata minbizia prebenitu eta ikertzeko garrantziaz kontzientziatzea, bereziki gizonen artean.
I Bizkaia Bike ekimenak herritar eta erakundeen arteko elkarlana bultzatzen du, elkartasuna bizikletaren bidez erakusteko. Lehen edizio honetan, 300 parte-hartzaile inguru eta erakunde desberdinak eman dute izena, besteak beste, Matxitxako T.K.T. eta Basauriko Bidebieta Txirrindulari Kluba.
Matxitxako T.K.T.-k 130 kilometroko bidea egingo du azaroaren 16an, Bermeotik Bilboko Minbiziaren Aurkako Elkartearen egoitzaraino. Gainera, Iurretako Udalak taldeko bizikleta-topaketa bat antolatu du egun berean, bi ibilbide aukerarekin: 10 kilometrokoa edo 20 kilometrokoa, Iurreta eta Amorebieta arteko bidegorritik.
Prostata minbizia gizonen artean ohikoena da eta heriotza-eragile nagusietako bat. 2023an, EAEn 1.740 kasu berri diagnostikatu ziren, eta horietatik 913 Bizkaian. Minbiziaren Aurkako Bizkaiko Elkarteak, CIC bioGUNE eta EHUrekin elkarlanean, prostata minbizia ikertzeko 1.499.900 euro bideratu ditu, eta ekimen honen bidez, ikerketa proiektu gehiago babesteko diru bilketa sustatuko da.