Jaialdiaren ardatza txotxongiloen bidez herrien kultura eta oroitzapenen transmisioa izan da beti, eta edizio honetan itsasoari begira jarriko da, migratzaileen eta errefuxiatuen historiak gogoratuz. Horrela, aurten, itsasoa eta balearen figura izango dira protagonista, zoritxar eta erresilientzia bidearen sinboloak.
Mundu osoko txotxongilo konpainia famatuenak hartuko ditu aurten ere, esaterako Alemaniako The Fifth Wheel, Italiako Di Filippo Marionettes, Frantziako Compagnie Alinèa eta Irlandako Maleta Company & Cía Balancetoi. Estatuko hainbat talde ere gonbidatuen artean egongo dira, hala nola Minusmal, A la Sombrita eta Guillem Albà.
Euskal Herriko taldeak ere bertan izango dira, euskal sorkuntzari ikusgarritasuna emanez, Pantzart eta La Enana Naranja bezalako taldeekin. Hortaz gain, Bego Alabazan eta Picuentos Bilboko udal txistulari bandarekin eta Garazi Navas akordeoilariarekin batera egongo dira.
Aurtengo programazioa Otxarkoaga auzoan gauzatuko da, bereziki Udaltegiko aretoan eta Txotena Gunean, non hainbat jarduera eta tailer antolatuko diren, auzoaren gizarte-kohesioa eta kultur dinamismoa sustatuz. Helduentzako emanaldiak Deustuko La Fundición aretoan egingo dira, eta eskolentzako emanaldiak, berriz, Otxarkoaga, Basurto eta San Frantziskoko auzoetan zehar zabalduko dira. Halaber, jaialdiaren egitaraua Bizkaiko beste hainbat herritara iritsiko da, Basauri, Muskiz eta Arrigorriaga, besteak beste.