Harreragunek ateak ireki ditu gaur, hilak 18

uriola.eus 2024ko aza. 18a, 17:10

Harreragune migratzaileak hartzeko euskal zerbitzuaren eredu pilotua da, pertsona migratzaileei informazioa eta orientazioa emateko zerbitzu publiko espezializatua. Egoitza Bilboko erdigunean dago kokatuta, Justizia Jauregiaren ondoan, eta Zehar-Errefuxiatuekin erakundeak kudeatuko du.

Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak sortu dute eta pasa den ostiralean, hilak 15, egoitza bisitatu zuten Nerea Melgosak, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak, eta Juan Mari Aburtok, Bilboko alkateak. Zerbitzu berria barrutik ezagutu zuten, bai instalazioak, bai bertan lan egingo duten zortzi langileak.

Harreragunek hainbat zerbitzu espezializatu eskaintzen ditu, premia espezifikoenetara egokituta, besteak beste: atzerritartasun-aholkularitza juridikoa, prestakuntza- eta lan-orientazioa, ikasketen homologazioa eta baliozkotzea, laguntza psikosoziala, familia berriz elkartzeko laguntza eta gizartean eta kirolean parte hartzea.

Bilboko alkate Juan Mari Aburtok adierazi duenez, “garaia iritsi da aukera-berdintasunerako eta gure egungo eta etorkizuneko Bilbo eraikitzeko funtsezkotzat jotzen dugun baliabide batekin lanean hasteko”.  Harreragune Bilborentzat aukera bat dela gehitu du alkateak, “funtsezko tresna gizarte gisa arrakasta izateko, gizarte-kohesioa sortzeko eta hiri-proiektuaren parte izateko”.

Nerea Melgosak nabarmendu du orientatu, lagundu eta baliabide erabilgarriak eskainiko dizkietela migratzaileei Bilbon duten ezarpen-prozesuan.  Lehen urratsa dela gehitu du, “proiektu pilotu bat”. Bi urtetan zehar ebaluatuko da, eta ondoren baloratuko da nola funtzionatu duen eta ea posible den beste euskal udalerri batzuetara hedatzea, hori baita  euren helburua: “oro har, Donostia eta Gasteizera hedatzea da helburu nagusia, baita 20.000 biztanle baino gehiago dituzten herrietara ere”, adierazi du Melgosak.

Bilbon jada horrelako harrera egiteko lana egiten zen: “egin duguna da lan hori zehaztu eta zerbitzu publiko bat bihurtu”, argitu du Bilboko alkateak. Orain arte Zehar errefuxiatuekin erakundeak bezala, hirugarren sektoreko elkarte ezberdinek lan handia egin dute eta “orain egin duguna kolaborazioa” izan da.