Elikagaien bilketa handia egingo du asteburu honetan Elikagaien Bankuak

uriola.eus 2024ko aza. 19a, 09:36

Juan Ibarretxe Gizarte Ekintzako zinegotzia, Luis Crovetto Bizkaiko Elikagaien Bankuko presidentea, eta Elikagaien Bankuko kidea Abando hotelean egin den prentsaurrekoan

Azaroaren 22an eta 23an, urtero bezala, Bizkaiko Elikagaien Bankuak, Bilboko Udalarekin batera, Elikagaien bilketa handia egingo du. Jarduera hau 1995etik egiten da lurralde historikoko behartsuen alde, eta Elikagaien Bankuaren urteko kanpaina garrantzitsuena da.

Bilketa honen bidez, biltegien stocka bermatu eta Bizkaiko 20.000 pertsonaren baino gehiagoren elikadura osatuko da, eta horrez gain, DANAk kaltetutako pertsonen beharrei laguntzeko ere erabili nahi da bildutakoa. “Balioetan oinarritutako hiria da eta beti izan da solidarioa; beraz, garrantzitsua iruditzen zaigu bilbotarrei dei egitea ekarpenak egin ditzaten ekimen honetan”, gogorarazi du Juan Ibarretxek, Gizarte Ekintzako zinegotziak.

Elikagaien Bankuko boluntarioak supermerkatuetara eta merkataritza-gune handietara itzuliko dira, bezeroak jarduera solidario honetan parte hartzeko motibatzeko eta orientatzeko.

Luis Crovettok, Bizkaiko Elikagaien Bankuko presidenteak, azpimarratu du aurtengoa dei berezia dela   egoera askoz larriagoa baita, bai Bizkaiko beharrengatik, bai DANAren ondorio suntsitzaileengatik. “Larrialdi honen aurrean, herritarren erantzuna apartekoa izaten ari da, baina laguntza hori ezin da eten", gehitu du Crovettok, eta horregatik, parte hartzera animatzen ditu 5.000 boluntario eta 300 establezimendu baino gehiago .

Beste batzuetan bezala, laguntzeko modu bi izango dira: boluntarioei elikagaiak zuzenean emanda edota kutxako dohaintzen bidez, zeina erosketa ordaintzeko unean egiten baita.

Elikagaien Bankuak gogoratu nahi du dohaintzak Elikadura Katean biltzen direla, eta Bizkaiko Elikagaien Bankuak beharren arabera erabiltzen dituela elementu batzuk ala besteak.