Nafarroa erdi eta hegoaldeko euskalgintzari bidali beharreko elkartasuna du ardatz kanpainak eta horrela adierazi zuten urriaren 24an, kanpaina abiatu zuten egunean. Euskal Herriko metropolian batu ziren, Bilbon, bertako euskaltzaleen babesa erakutsiz eta hango eta hemengo euskaltzaleei auzolan erraldoiera batzeko dei eginez.
Errigoraren sarea lan eta lan ibili dela erakutsi du azken hilean, eta batez ere kanpaina egunetan. Horren adierazle da azaroaren 9an Ablitasen bildu ziren 200 lagunen artean osatutako 4.000 saski berdeak, edota ekoizleek auzolanean sortutako guztiak.
Azaroaren 14an kanpaina bukatu zenetik, eskaera guztiak jaso eta emaitzei oso positiboki erreparatu diete Errigorako kideek. “Errigoraren kanpaina onenetakoa izan da aurtengoa”, azpimarratu dute, izan ere, 16.000 saskiren bidez 230.000€-tik gora bideratuko da Ager eremuko euskalgintzara (AEK, Ikastolak, Sortzen eta Agerraldia). Kopuru hau inoiz saskien bidez lortu den handiena dela ospatu dute Errigorako kideek.
Ezin hobeak diren emaitza horien atzean komunitate oso baten ahalmen eta ahalegina dagoela argi gelditu da, eta auzolanari esker soilik dela posible nabarmendu dute: “Errigoraren komunitatea osatzen duten bolondres, ekoizle eta kontsumitzaileek jarritako indarrari esker lortu dugu aurtengo kanpainaren arrakasta”.