"Puntuak eta komak" taldea Bertsolari Gazteen BBK Sariketako finalera sailkatu da

uriola.eus 2024ko aza. 21a, 10:27

Bilboko Amaiur Betanzos dago “Puntuak eta Komak” taldean, eta atzo, hilak 20, Mungiako Mugire Txokoan jokatu ziren azken finalaurrekoetan garaile atera zen. Finala abenduaren 5ean izango da.

Bertsolari Gazteen BBK Sariketako azken finalaurrekoak jokatu ziren atzo Mungian. A multzoko Puntuak eta komak eta Xarmengarriak gira taldeak eta B multzoko OkerbideaLGBTaket eta Rara Avis bikoteak aritu ziren bertsotan. Puntuak eta komak eta Okerbidea taldeek batu zituzten puntu gehien, eta beraz, abenduaren 5eko finalera sailkatu dira.

B Multzoko Rara Avis taldeko Haizea Telleria eta Maite Sarasola bilbotarrek ez zuten lortu finalera sailkatzea; Okerbidea taldeko Iruri Altzerreka eta Peru Irastortza sailkatu dira

Finala abenduaren 5ean izango da, Zornotzako Zelaieta Zentroko Auditorioan, 18.30ean. A multzoko Sagutxo Kaskarinak 2.0 (Garazi Ibarretxe, Maddi Aurtenetxe eta Naroa Iturrioz) eta Puntuak eta komak (Amaiur Betanzos, Ekhi Zuluaga eta Iradi Barrenetxea) taldeak lehiatuko dira, eta B multzoko Team Rocket (Ixone Asategi eta Janire Arrizabalaga) eta Okerbidea (Iruri Altzerreka eta Peru Irastortza).

Finalean hainbat berrikuntza eta sorpresa egongo dira, saioa publiko orokorrari zuzendua dago, eta doan izango da.