Azaroaren 22an jada eman zitzaien hasiera aurtengo Bilboko Gabonei, iaz baino astebte lehenago; txirrista eta izotz-pista sintetikoa irekiko zituzten, baita Gabonetako Ametsen Faktoria izeneko umeei zuzendutako jardueren karpa ere.
Udal-programazioak beste egun garrantzitsu bat du bihar, hilak 27. Gabonetako argiak piztuko dituzte Casilda Iturrizar parketik. Bertan, 70 metroko luzera gaindituko duen argiz eta musikaz girotutako tunel handi bat instalatu dute eta Juan Mari Aburto Alkateak pultsadorea zapalduko du arratsaldeko 20:00etan. Momentu horretan aipatutako tunela, Areatzako urrezko baso magikoa, Moyua plazako zuhaitza berria, udaletxea, Alde Zaharreko eta Kale Nagusiko argiak eta hiri osoko auzoetan sakabanatutako 1.500.000 led argiak piztuko dira. Guztien artean, kolorea eta berotasuna emango diete egun hain bereziei.
Bilbo, aurten ere, Gabonetan magiaz beteriko hiria bihurtuko da, eta bertako bizilagunek eta bisitariek egun zoragarri horiez gozatzeko aukera izango dute.
Gabonetako magia
Egun eta gau bereziak dira Gabonak Bilboko hiritarrentzat. Urtero bezala “Gabonetako izar magikoak” Bilboko kaleetan barrena ibiliko dira ilusioa eta poztasuna banatzen. Horiek dira Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoak.
Olentzerok eta Mari Domingik hitzordu garrantzitsua dute abenduaren 23an, arratsaldeko 18:00etan. Moyuatik Arriaga plazaraino kalejira berezi eta magikoa egingo dute, Galtzagorriekin batera, musika-ikuskizun batekin bukatuz. Urtarrilaren 5ean, Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoak umeekin eta familiekin egongo dira arratsaldeko 18:00etan hasiko den desfilean. Argiz, soinuz eta kolorez betetako karrozak Kale Nagusitik ibiliko dira, eta Udaletxeko balkoira iristean bertaratutako guztiak agurtuko dituzte. Aurten, Errege Magoekin hitzordua urtarrilaren 5ean izango da goizez Udaletxean.
Bestalde, Gabonak direla-eta, Bizkaiko Ostalarien Elkarteak eskatuta, Bilboko Udalak ostalaritza-lokalen itxiera-ordutegia luzatuko du eta bi ordu beranduago itxi ahalko dituzte.
Kultura erdigunean Gabonetan
Bilboko auzoak genero guztietako kultura-jarduerez beteko dira, KULTUR GABONAK programaren barruan. Punta-puntako sormen-ikuskizunak eskainiko dituzte, dibertsioz beteak.
Azaro bukaeratik urtarril hasierara arte, bilbotarrek antzerkiaz, euskal folklorez, clownez, bakarrizketez, magiaz, txotxongiloez, ipuin-kontalariez, musikaz, dantzez, bertsoez eta tradizioa eta hiriko kultura-nortasuna aberastuko dituzten beste hainbeste ekimenez gozatu ahal izango dute.
Gabonetako Azoka Erripan
Aurten 26 etxetxo egongo dira Gabonetako Azokan, eta guztietan salduko dituzte Gabonetako produktu tipikoak. Abenduaren 5etik urtarrilaren 5era irekita egongo da, 11:30etik 14:30era eta 16:30etik 21:00etara, Erripan.
Eskaintza komertzialaren osagarri, Gabonart artisautza azoka izango dugu berriro. Azoka abenduaren 13an irekiko da, 11:00etan, eta hamabigarren edizioa Bilbon izango da 2025eko urtarrilaren 5era arte.