LABek kontratazio publikoari buruzko jardunaldiko hitzarteetako bat eten du

uriola.eus 2024ko aza. 26a, 13:45

Gaur, hilak 26, Osakidetzako zuzendaritzako kideek jardunaldia egin dute Bilboko Bizkaia Aretoan eta LABek kontzentrazioa egin du kanpoan Osakidetzaren kontratazio politika salatzeko eta sindikatuko bost militantek hitzartzeetako bat eten dute pribatizazioaren kontrako kartelak erakutsiz eta leloak oihukatuz.

LABentzat lehentasunezkoa da Osakidetzaren diru publikoaren erabilerarekin egiten ari diren “politika neoliberala eta klientelarra” aldatzea. Horren erakusle da Osakidetzak bere pertsonalarekin eta modu publikoan egin beharreko hainbat lan kanporatzen dituela.

Gaurko jardunaldian hainbat erakundetako gerente, zuzendari, arduradun, abokatu eta idazkariak bildu dira kontratazioaren inguruko gogoetak egiteko. Antolatu dituzten lehen bi mahai inguruek lotura zuzena dute LABen jardunarekin.

Lehenengoan, plataforma logistikoen gaia jorratu dute. Osakidetzako zuzendaritzak ezin okerrago bideratu du Iurretako plataforma logistikoa martxan jartzeko prozesua, eta, hala ere, gai horri buruzko ikasgaiak eman nahi dituela azpimarratu du LABek. Bigarren mahai inguruan kontratazioaren arloko baliabide bereziei buruz hitz egin dute; nabarmentzekoa da baliabide horien azpikontratu izana salatu duela LABek, eta ondorioz, 194 milioi eurora arteko pribatizazio-espedienteak geldiarazi dituela, Osakidetzako zuzendaritzaren praktikak agerian utziz.

Industriak osasun-kontratazioan duen zeregina izan da hirugarren mahai inguruaren gaia. Azken urteetako politika desegokiek Osakidetzaren irudia eta zerbitzua kaltetu dute: “publikoak behar bezala ez funtzionatzea eta pribatuaren beharra sortzea eragin dute”, adierazi dute, eta horrek berarekin dakar osasun sistema pribatua indartzea eta aseguru pribatuak geroz eta jende gehiagok izatea. “Pribatizaziorako joera honek, herritarren eta klase sozialen arteko arrakalak handitzea eragiten du”, gehitu dute.