Hitzen eder mundua erakutsi nahi du Adolfo Arejitaren ikerlanak

uriola.eus 2024ko aza. 27a, 13:53

Esaera goikoaz behera irauliak du izenburua Adolfo Arejitak kaleratu duen liburuak. Ikerlana Bilboko Udalarekin eta Bizkaia Irratiarekin elkarlanean editatu du Euskaltzaindiak. Ehun errefrau hartzen dira berbagai eta azterkizun.

Euskal Herrian XVI. mende bukaerako lehen bildumetatik hasi —1596ko Refranes y sentencias eta Esteban Garibaikoaren bilketetatik— eta orainera arteko errefrautegietako aleak aztertu ditu egileak. Horrela, Adolfo Arejitak gogoeta egin du ehun esaera zahar horiei azalpen zein hausnarketa erantsiz.

«Euskararen lurralde desberdinetako ehun errefrau bildu ditut, eta, horrekin batera, esaera bakoitzaren azpian dagoen mezua ere azaldu nahi izan dut, errefrauak erabiltzen ditugulako ikasgairen bat transmititzeko. Zentzu honetan, hizkuntzaren egitura aberatsak dira esaera zaharrak», ohartarazi du egileak. Horrekin batea, Arejitak liburuak zer dakarren zehaztu du: «atsotitz edo errefrau generoko edukia du liburu honek, beraz, saiakera generoko obra da”.

Errefrauen gaineko saio hau ez dela hutsetik sortu adierazi du Arejitak: “liburuan bildu dugun edukiaren funtsak bidea egina izan dute Bizkaia Irratian”. Egilea zortzi urte darama astero jarduten "Euskera Hobetzen" izeneko irratsaio batean, horren inguruan hitz egiten, eta sorburua, beraz, harrobi hori izan dela azpimarratu du.

Eider Inunciaga Bilboko Euskarako zinegotziak ikerketaren garrantzia nabarmendu du, eta «euskal literaturarentzat eta gure etxeko liburutegi guztientzat opari» gisa definitu du.

 

Errefrauak, euskal gizartearen ispilu

Azalpenean, Adolfo Arejitak esan du herri baten ispilu direla errefrauak, kasu honetan, «euskal gizartearen ispilu». Eta aitortu du baliatu dela errefrauez «jende xeheari irakasteko zein den gure kultura, herri-jakintza».

Hona hemen Adolfo Arejitak liburuan bildu eta aztertutako atsotitz edo zahar batzuk:

  • Alferra (Alperra beti nekean)
  • Artea eta sagar-arbola (Arteak ez du emango sagarrik)
  • Aurre-atzeak (Aurreak erakusten dau atzea zelan ibili)
  • Bilbao eta birao (Bilbao, han bere dongeak birao)
  • Odolkiak edo odolosteak (Odolkiak ordainetan)
  • Otsoa (Otsoa non aipa, han gerta!)
  • Suari putz (Bakoitzak bere suari putz)