Bilboko kaleak Palestinarekiko elkartasunarekin bete ziren pasa den ostiralean

uriola.eus 2024ko abe. 2a, 15:58

Bilboko Plaza Eliptikotik abiatuta, hamarnaka lagunek mobilizazioa egin zuten azaroaren 29an Palestinarekiko Nazioarteko Egunaren benetako izaera azaleratzeko eta Israelekin harremanak eteteko eskatuz.

Mobilizazioak Nazio Batuen Erakundearen 181. ebazpenaren urteurrenarekin bat egin du, 1947an Palestinaren Zatiketa Plana eta Israelgo Estatuaren sorrera onartu zituen erabakia gogoraraziz.

Mobilizazioan parte hartu dutenen arabera, "Palestinarrentzat gaurko eguna zatiketaren eguna da, eta ebazpenak Palestinaren kolonizazioari ateak ireki zizkion". Gaur egungo sarraskiak mendebaldeko herrialdeen babes militar, komertzial eta diplomatikoaren menpekoak direla salatu  eta Israelgo Estatuaren desegitea dela Palestinaren askatasunerako ezinbesteko urratsa nabarmendu dute.

Palestinarekin Elkartasuna plataformak Euskal Herritik Israelekiko harreman guztiak eteteko beharra azpimarratu du. "Estatu sionista bizirik mantentzen laguntzen duten harremanak seinalatu eta borrokatu behar ditugu," adierazi du, eta bertako enpresa eta erakundeen Israelekin dituzten loturak agerian utziko dituztela. Horrez gain, Euskal Herriko agintariei eta erakundeei dei egin diete "genozidioaren laguntzaile aktibo izateari" uzteko.

Mobilizazioak Palestinako herriari eta erresistentziari elkartasuna helarazi nahi izan die, eta sionismoaren aurka borrokan ari diren herri langile guztiei ere babesa adierazi diete. "Palestina askatzeko Israel desegin behar da," izan da mobilizazioaren mezu nagusietako bat.